LARREPETIT

Rock garaiak

Goizalde Landabaso
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Lankide batek aitortu zidan, aspaldi, animoak behera egiten dionean Motörhead-en Live to win jartzen duela. Baduela kantu horrek bere arima eusteko gaitasun magikoa; pizberritu egiten duela. Nik ere, ibilaldi luzeak egiteko, behar dut erritmodun musika, eta akorduan dut nire inguruan dagoen heavy zale amorratu bat zur eta lur gelditu zela esan nionean bere gustuko musika erabiltzen nuela nik erritmoa markatzeko. Zerbait primitiboa dauka musika honek, aldartea zimeltzen zaidanean barruko piztiari deiadar egiten diona.

Hau dena etorri zait akordura Montrealgo Unibertsitateko Neurozientzien Institutuan ikerketa berezia egin dutelako. Derrigorrezko etxeratzeak (2020koak) gugan izandako eragina ezagutu nahi dute. Egoerari aurre egiteko hautatutako heldulekuen artean, ikerketan parte hartutako askok musika aukeratu dute; eta, azterlanetik ondorioztatu dutenez, zenbat eta okerrago egon, orduan eta ozenago jartzen omen zuten musika.

Krisi garaiak rock musikari dagozkio, nonbait. Krisia zenbat eta sakonagoa, orduan eta gogorragoa da musika. Espainiako kantaria da Josele Santiago, bakarka eta Los Enemigos taldean dabilena. Bestieza izena zuen 2020an kaleraturako lanak, eta eman behar zuten kontzertu baten haritik onartzen zuen taldearen musika gogorragoa eta bizkorragoa zela bizi genituen garaiei erantzuteko. Lerrobururako aukeratu zuten esaldia gustatu zitzaidan, eta gorde egin nuen elkarrizketa: «Ez dago nahikoa punk hainbeste krisirako». Euskaraz kaleratu diren azken diskoetan ere rock asko dago, eta, aspaldiko partez, heavya ere bai. Astero begiratzen ditut heltzen diren berriak, eta badira aste batzuk rock musika gailentzen dena. Derrigorrezko etxeratzearen biharamuna dator orain, eutsi duguna oka egin behar dugu. Lemmy Kilmisterrek argi abesten zuen, «you've only gotta live to win». Beste era batera esan zuen Dolores Ibarrurik: eustea irabaztea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.