LARREPETIT

Oporretan

Jaume Gelabert.
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Iritsi dira azkenik, eta zeinen gustura hartuko ditugun. Sorterrira abiatuko gara bihar eta maleta egiteko dugu oraindik. Han, prestatu gabeko plana betetzen bada, hondartzan paseatuko gara, otordu oparoak eginen ditugu aspaldi bisitatu ez ditugun herrixketan, eta hitz eta pitz arituko gara lagunekin garagardo fresko baten aurrean. Anai-arrebak, izebak, ilobak. Ama. Lanez ahantziko gara egun batzuez —«ez erabat», oroitarazten dit zuzentzeko idazlan multzo mehatxagarriak, zeharka begiratzera besterik ausartzen ez naizenak— eta energiaz beteko ditugu laneko lehen egunean deskargatuko diren bateriak.

Nire maleta txikia zertaz hornitu erabaki behar dut, eta ez da lan makala. Badut Santi Leoneren Liztor mutanteak berrirakurtzeko asmoa; galtzontzillo bat armairuan utzita, liburuak haren lekua har lezake ekipajean. Zalduaren Nola izan garen gauza narrazio bildumari ere tartea bilatu behar nioke. 60 ipuin ez dira edozein tokitan sartzen, poltsikoko edizioa izanda ere. Eider Rodriguezena ere hor dago. Tira, badugu garbigailua etxean eta eguraldi epela iragarri dute, ez da beharrezko arropa asko zamatzea. Txistorrak eta zainzuriak ere nonbait txertatu beharko ditut Tetris horretan. Asmatuko ote dut literatura, gastronomia eta dotorezia uztartzen?

Ez dakit zenbat liburu irakurriko ditudan aukeratuetatik, oporretan ere orduek ihes egiten baitute oharkabean. Beste zerbaitek ordezkatzen du lanak osten digun denbora —atx, idazlanek hor jarraitzen dute—, eta eskuarki ez da guk aukeratutako kontua izaten haren tokia hartzen duena; maletan bezala, nekez tartekatzen ahal dira behar, asmo eta konpromiso guziak egutegian.

Nahi nuke oporretan hausnarrean aritzeko aldi bat bilatu, heldu den asteko artikuluan gogoeta sakon eta sendoa idazteko. Bueltan katalanezko liburuak, ensaïmada, etxeko sobrassada eta atorra pagesa ekarriko ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.