Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Klima-errefuxiatuak

2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Lanetik etxerako bidean, Arga ibaiaren ertzetan ibiltzen naiz egunero. Ongi dago paseoa burua egurasteko, euskararen misterioak ahalik eta hobekien azaldu bitartean neuronak estutu ondoren. Gaur bero sapa handia dago kalean, garai honetan ezohikoa. Etorkin bat arrantzan ari da gerriraino uretan sarturik, auskalo tenperatura altuari ihes egiteko asmotan ala amuarrainen bat etxera ekartzeko helburuan. «Katarroa da mutikoak harrapatuko duen bakarra» esan dit, trufari, adineko gizon batek, nik bezala balizko arrantzaleari erreparatuta.

Beroari itzuri egiten saiatzen gara Iruñean, eta milioika lagun ateratzen dira munduko zonalde ugaritatik beroaren ondorioen ihesi. Klima-aldaketa ukaezineko errealitate mehatxagarria da, eta dagoeneko badu eragin lazgarria pertsona askoren bizimoduan. Tenperatura igoeraren ondorioz, baliabideak eta elikagai produkzioa lazki murriztu dira herrialde askotan, eta gabezia horiek bortizkeriaren sorburu izan ohi dira, lur emankorra nork bereganatuko duen borrokan.

Behartuta daude iheslariak beren lurraldeak uztera; giza eginkizunaren eta gobernuen jardueraren biktima dira migratzaile—errefuxiatu— horiek. 193 milioi pertsona muturreko gosetean bizirauten saiatzen ziren 2021ean, aurreko urtean baino %40 gehiago —munduko gobernuek egoera aldarazteko hartu duten interesaren adierazle da ehunekoa—, Elikagai Krisien Aurkako Sare Globalaren txostenaren arabera; hedabideetan oihartzun txikia izan duten datuak dira, bestalde. Ez dakigu haietariko zenbatek lortu duten goseari muzin egitea, ezta zenbatek bizirauten duten ere. Tenperaturak igo eta igo jarraitzen du.

Berotik ihes egitea freskotasun eta babes bila, non eta berotze globalaren eragile handienetan. Baten batek arrainak, edo katarroak, harrapatuko ditu Arga ibaian; beste batzuek datu izateari utziko diote betiko, Bidasoko uretan edo Bilboko edukiontzi ziztrin batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.