Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Zedena

2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Loa erakarriko zuelakoan, azken gauotan Layla Martinezek idatzitako Carcoma eleberria irakurtzen aritu izan naiz. Emakume bik bi ahotsetan kontatzen digute familia baten istorio lakatza. Emakume horiez gain euren leinua hartu izan duen etxea ere protagonista da istorio honetan. Izaki bizia da etxea, eta han bizi direnen energiaz elikatzen da. Piztiak balio izan dio egileari galtzaile eta irabazleen bizi eta lan baldintzak kontatzeko. Zer pasatzen zuten. Zer zen batzuentzat bizitza, eta zer besteentzat. Zenbat miseria izan lezaken gure barrenak. Zein min egiten duen belaunaldirik belaunaldi patriarkatuak, batez ere, menpekoa bazara; batez ere, emakumea, diru-bakoa, menpekoa eta galtzailea bazara. Pipiak jaten ditu protagonistak, belaunaldietako zedenak.

Etxeetan bizi izan gara, eta etxeek bizi gaituzte. Pentsatu duzu inoiz zureak, gureak, izandako etxeetan egun habitatzen duten horiez? Nor bizi da gure aterpe, gure babesgune ziren etxeetan? Nor bizi zen orain gureak diren hauetan? Zer gordetzen dute etxeek? Zer sentituko dute horma arteko horietan? Sentituko gaituzte, eta sentitzen ditugu?

Umetan, lotaratu orduko ohe azpian begiratzen nuen, agian nik ere sentitzen nuen hor zeudela joandako nire baitako denak. Ni naizen guztiak. Gu soka oso luzeko min, indarkeria, poz, sufrikario eta zapalkuntzak gara. Angel Gonzalez poetak bazekien, eta uste dut berak bezain ondo azaldu duenik ez dudala ezagutu: Nire izena Angel Gonzalez izan dadin (…) beharrezkoa izan zen espazio zabal bat eta denbora luzea/ itsaso eta lur guztietako gizonak/ emakume sabel emankorrak/ eta gorputzak eta gorputzak etenik gabe beste gorputz batean bat eginez... (Gerardo Makuletak euskaratua Poesia Kaieretan). Azkenengoz itxi dut Layla Martinezek idatzitako liburua, eta argia amatatu baino lehen ohe azpira makurtu naiz. Ez dakit hor dauden. Seguru nago, baina, barruan ditudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.