Blanca Urgell
LARREPETIT

Ezkerreko aldetik

2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Munduko kultura askotan eskuin eskuarekin jaten dute, eta ezkerrarekin garbitzen ipurdia. Unibertsoa antolatzeko modu txukun bat.

Tximinoek, aldiz, ez dut uste halako ardurarik dutenik, gizakion burmuinen garapenean izan den lateralizazioari zor baitzaio, nonbait, eskuinaren eta ezkerraren artean daukagun disimetria. Gainera, diotenez, gehienok eskuinak gara 10.000 urtetik hona gutxienez: horixe adierazten omen dute historiaurreko lanabesek, labar-pinturek eta kulturarteko ikasketek (badaezpada, ez dena sinistu).

Horregatik edo, gizadian nagusituta dago eskuina onarekin, indarrarekin, gaitasunarekin, egiletasunarekin, jainkozkoarekin lotzea, eta ezkerra txarrarekin, ahularekin, zabarrarekin, ezgaitasunarekin eta deabruarekin.

Euskaraz ere, ezkerra eta eskuina, bistan da bata oker, anker, puzker eta abarren talde semantiko berekoa dela, eta ustez *ger erro berekoa, eta bestea on-ekin lotua dela: eskoa eta eskuma aldaerak aiseago lot ditzakegu *esku-on-e Mitxelenak proposatu aitzinformarekin, *amaona > *amauna > amuna > amuma-ren bide fonetiko beretik.

Biologia ote dena, hortaz? Ezetz dirudi. Robert Hertz antropologoak (1909) zioen gizakiok unibertsoa dualismotik ulertzen dugula: argia eta iluna, zerua eta lurra, gaua eta eguna, izotza eta sua... Aldi berean elkarren kontrako eta elkarren osagarri diren honelako bikoteek ematen diotela oreka gizakiaren neurriko unibertsoari. Honegatik, haren ustez, eskuak bezala itxuraz berdinak diren zerak polarizatu egiten ditugu, geurez, bata bestearen aurkako eta bata bestearen osagarri bihurturik.

Biologiak zein kulturak, gordinak zein egosiak ematen didaten jaidurari segiturik, bada, deblauki polarizauko nukeen Qatarretik etorritako demerituaren afera: edo sartzen ez utzi, edo ateratzen ez utzi. Alabaina, hegan egin du txoriak. Ailedi ezkerreko aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.