Blanca Urgell
LARREPETIT

Amodioaren abiadura

2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Joan den astean Alea Arabako astekariaren irudi eta egoitza berrien estreinan izan nintzen, hainbat lagunekin ospatzen, lagun berriak eta zaharrak. A zer une ederra! Derrigor, baina, orduan bai, eta gero ere bai, pentsatzen aritu naiz zerk batzen gaituen.

Alea-k familian bezala hartu nau hasieratik. Batzuetan ez nator bat aldizkariaren jarrerarekin. Sufritzen dut argazkiak, ez-arian bezala, halako edo holako pankartak jasotzen dituenean edozein kultur edo kirol ekitaldi aitzakia hartuta. Gozatzen dut hizkuntza mailarekin, oro har, eta hamaika kontutan dabiltzan hamaika arabar aurkezten dizkigun gai ugaritasunarekin. Badakit mirari dela —eta lan itzela— honelako hedabide batek laster zortzi urte betetzea.

Pazko uharteko rapanui hizkuntzak egun bizpahiru mila hiztun ditu. Umeek gaztelaniaren ondoren ikasten omen dute, ikastekotan. Ahozko tradizioak dioenez, Hotu Matu'a sortzaileak 67 oholtxo ekarri zituen jaioterritik, Polinesia osoan ezagun den idazkera bakarraz idatziak: rongorongo-z, rapanuien idazkera sakratuaz.

XV-XVIII. mendeen artean uhartea jendez gainezka egon, eta gizataldeen arteko talkak etengabeak omen ziren. 1870eko hamarkadan esklabozaleek rapanuiak bahitu zituzten. 1887an 101 baino ez omen ziren gelditzen. Artean hizkuntza bera nahiko aldatu omen zen, tahitieraren eta espainolaren eraginez. Garaitsuan rongorongo nork itzuliko saiatu ziren, alferrik saiatu ere. Guztira 26 testu gorde dira. Deszifraezinak.

Ohar azalgarriren bat edo besterekin balitz ere, ulergarri izango ote da Alea 2122. urteko euskal herritarrentzat? Badago zer pentsatua hor. Zer dagoen amodiotik euskaldunon artean, elkartasunetik, helburu partekatutik, eta zer gorrototik oraindik. Nago amodioak gehiago egiten duela gorrotoak baino. Fantomastxiki adiskide txiolariak atzo zioenez, ordea, amodioa astiroago mugitzen da. Zer, bizkortzen asmatuko dugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.