nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Bio(erradio)grafiak

2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Graduondoko ikaslea zela, Jenn Shaplandek Annemarie izeneko emakume batek Carson McCullers idazle estatubatuarrari idatzitako gutun batzuk aurkitu zituen. Bi emakumeen arteko sentimendu intimo eta lotsagabeak gordetzen dituzten gutun horietan, Shaplandek ez zuen literaturaren historiak erretratatutako McCullers bera ikusten. Bulkada bat sentitu zuen: zeinen narratibetatik daude eraikita emakumeen istorioak? Hasierako jakin-minak obsesio progresibo bati bide eman zion; McCullersen bizitzako alderdi deskubritu berri horri jarraitu nahi zion, ertzetako maitasun istorioak nola kontatzen diren aztertu. Ikerkuntza luze baten ondoren, artxiboak eta objektuak miatu, McCullersen terapia saioen transkripzioak aztertu eta haren haurtzaroko etxean hilabeteko egonaldia egin ondoren, Shaplandek liburu bat idatzi zuen bere ustez Carson McCullers izan zena kontatzeko; eta nik liburu hori irakurri dut. Disfrutatu. Horrelako liburuek, ordea, beti izaten dute baina moduko bat niretzat, bizkarrean azkura eragin eta lasai irakurtzen uzten ez didan zerbait.

Nola kontatu hilda dagoen norbaiten benetako istorioa? Eraiki daiteke beste norbaiten begietatik pertsona bat benetan izan zena? Ze biografia mota jaso ditugu? Nork idatzi ditu? Zer kontatu digute eta zer ez? Zer kontatu beharko litzateke eta zer ez? Zilegi da pertsona batek bere terapeutari kontatutakoen transkripzioak guganaino iristea? Eskubidea dugu bi pertsonak elkarri bidalitako maitasun-gutun intimoak irakurtzeko? Hala bada, zertarako, zein litzateke ekintza horren helburua?

Galderak, zalantzak eta deserosotasuna, baina erantzunik ez. Irakurtzen eta idazten jarraitzeko grina, aurrera egin ahal izateko helburuarekin, sinistu nahi dudalako maite ditugun idazleek eta geure buruari buruz kontatzen ditugun istorioek eraikitzen gaituztela. Batzuetan, kuriositate hutsak bultzatzen nauela ere pentsatzen dut, neure baitako voyeur-ak. Edo, agian, bietatik pixka bat dago; auskalo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.