Ander Perez Argote
LARREPETIT

Alde Zahartzen

2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Auzoetako biztanleek Iruñera igotzen direla diote hiriaren erdigunera doazenean. Aspaldiko esaera da, hiriburuko etxe guztietan entzuna, zerikusia duena hiriaren morfologiarekin—muino batean Alde Zaharra, haren magalean auzoak—, baina adierazten duena norabide bat ere, periferiatik zentrora.

Eta normala da. Nik dakidanera arte, hala eraiki dira hiri guztiak, edo hala joan dira eraldatzen, auzoak eransten nukleo historikoari, gerrikoak gehituz zilborrari, baina zentro izaera mantenduz erdigunearentzat, gainontzeko herritarren erakarpen, plaza, eta erakusleiho. Bilakaera horretan, dena dela, auzo izaten segitu dute Alde Zahar horiek luzaroan, bere biztanleekin, bere dendekin, bere txokoekin.

Hiri askotan hamarkadak dira hori aldatzen hasi zela, eta Hiri Buruzagiari ere tokatu zaio azkenean. Inguruko whatsapp taldeetan albistea zabaldu da asteon: hamar urtean, %33 egin du behera bost urtetik beherakoen populazioak Iruñeko Alde Zaharrean. 2012an, 533 ziren adin horretatik beherako haurrak auzoan; gaur egun, 355.

Familiek alde egitearen arrazoiak jakinak dira: etxebizitzaren garestitzea —Iruñea osoko alokairu preziorik altuena—, zerbitzu falta —kiroldegirik ez, jolas-parke estalirik ez—, zaratak, masifikazioa eta imajinatu daitezkeen ekitaldi mota guztien kontzentrazioa. Azken horretan —ireki diezaiogun tarte bat autokritikari— egoera aldatu nahi genukeen asko ere bagara erantzule, mobilizazio oro erdigunean antolatzen dugunok, euskarari zentralitatea eman nahian zentrora mugatzen garenak, kultur ekitaldi oro Alde Zaharrean antolatzen dugunok, bestela inor joango ez den beldur.

Denak du, beraz, bere eragina, eta, beraz, dena beharko da egoerari, berandu baino lehen, buelta emateko. Dena, salbu eta mapa baten erdian bizi zarelako deskantsurako, lanerako eta oro har bizitzeko eskubidea ukatzen dizun esaldi gorrotagarri eta hainbestetan entzundako hori: «Badakizu non bizi zaren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.