Blanca Urgell
LARREPETIT

Muturreraino joanda

2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Esango nuke bizitzan aurrera ardurak, erantzukizunak eta zamak handitu ohi direla: seme-alabenak hartu baditugu, betiko hartu ditugu. Dena ondo bidean, gurasoen minak eta ezinak gaineratu zaizkigu, geroko ditugunen ispilu ere badiratekeenak. Batzuetan senitarteko zein adiskide gehiagoren larritasun eta larrialdiek ere hurbildik edo urrundik jo gaitzakete. Zaindu, entzun, enpatizatu, lagundu beharrak.

Laneko zerez ez mintzatzearren.

Hedabideei etengabe darien zabor-erauntsia nahita alde batera utzirik.

Geruzaz geruza zamatuago, inoiz zamatuegi, erlaxazio ariketak, yoga, meditazioa, lorazepama... hamaika aukera eskaintzen dizkigu gure mende honek.

Hegazkinak ere hor daude. Bai kontinente artekoak, bai eta lurraren azken bazterretarainokoak ere. Opor-bidaia baten aitzakian Suaren Lurraldera joan gintezke. Turismo Gune Ofizialeko argazkian ikusi dudan haitz arteko itsasargi bakartiak lehen unean engainatu nauen arren, Ushuaia hiriburua handiegia begitandu zait (Portugalete eta Irun artean dagoke biztanlerian); agian Tolhuin txikitxoa hobeto, baina utz dezagun hautapena orduko.

Han yagan jendea bila genezake, eta yamana euren hizkuntza ikasi. Wikipediak dioenetik euskararen antz handia sumatu diot: baditu x eta tz, guk baino pare bat bokal gehiago, hasperena eta —atx— herskari glotal bat, hots, glotisean aire-fluxua oztopatuz sortua, arabieraz sarri entzuten duguna, kasu. Honek lanak emango dizkigu bai ala bai. Gainerakoan, izen eta aditz-atzizkitan eta hitz ordena nahiko askean, aditzaren kokapena barne, baditu euskalduna eroso sentiaraziko luketen ezaugarri ugari, antza.

Maluruski, berandu helduko gara, 2022an hil berri baita Cristina Calderón berezko azken hiztuna. Dena dela, yaganak gutxi izan eta hizkuntza berpizteko lanetan ari omen direnez, baliteke gure curriculumak zeozer balio izatea gau-eskolak eraikitzekotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.