nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Haragi bizitan

2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ezkerreko eskuko atzamarrei begiratu diet lehendabizi eta eskuinekoei ondoren: guztira bost azazkal ditut luze eta beste bost hortzekin txikituta. Kale; beste behin ere. Gainera, aste honetan behin bakarrik jaiki naiz kirola egitera haurrak esnatu aurretik, astean hirutan egitea nuenean helburu. Eta atzo bi polboroi jan nituen ezkutuan.

Urte berria iristearekin batera, milioika pertsonak idazten (edo pentsatzen) dute bete beharreko asmo onen zerrenda bat; enuntziatu bihurturiko desirak, zeinak erabateko zorionari bidea irekiko dion. Hainbat ikerketaren arabera, emakumeok joera handiagoa dugu hau egiteko (emakumeen %50ek eta gizonen %35ek), eta nik beste azazkal bat galdu dut joera hitza disekzionatzen dudan bitartean. Berriz ere, inork agindu gabe, emakumeok geure burua estutzen, alajaina. Gainera, ez gara batere norbanako originalak eta helburu horien Top10 zerrenda erraz osa daiteke: argaldu, kirola egin, erretzeari utzi, edateari utzi, bikotea lortu, seme-alabak izan, familiarekin denbora gehiago pasa, pertsona hobea izan, lana lortu, aurreztu.

Lehen begiratuan, eta banan-banan hartuz gero, batzuk ez dirudite gauzatzen zailak; baina, egiaz, jendearen %8k soilik lortzen ditu. Gertatzen dena da asmo on horiek guztiak kanpo-motibazioan oinarritzen direla, kanpotik estimulatzen gaituzte eta azaleko sariak eskaintzen trukean; geure burua ez den beste norbaitentzat egiten ditugu eta, ondorioz, berehala galtzen dugu motibazioa eta etsi egiten dugu.

Konponbideak erraza dirudi: suntsitu dezagun zerrenda eta kito; garbi dago helburu horiek markatzeak ez duela ezertarako balio. Dena ahaztu eta segi aurrera. Kontua ez da hain sinplea, ordea, helburu-zerrenda horiek idazten dituzten hamar pertsonatik lauk antsietate-arazoak izaten baitituzte; eta esango nuke hemen ere emakumeok lidergoan garela.

Ezkerreko eskuko atzamarrei begiratu diet lehendabizi eta eskuinekoei ondoren. Zenbat azazkal luze edukiko ditut udaberria heltzen denean?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.