Blanca Urgell
LARREPETIT

Nork daki ona den?

2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Edun aitzineuskaldunak idatzi zuen Kemenaren Bidearen liburua, edo hala dio behintzat elezaharrak. Inork ez daki idazki haren berri zehatzik, ez nolakoa zen hizkuntza, Mitxelenak eta Lakarrak berreraikiaren antzekoa edo ez, ezta zein idazkeratan ondu zuen ere. Baliteke ziri itxurako ikurrez egurrean otailutua, balitekefuthark guztien gurasoaz harrian puntzoiztatua, edo baliteke kantu luze bat izatea ere. Denborak egurra galdu, harria leundu edo haizeak eraman du doinua.

Edunek irakatsi zuen badela Yin eta badela Yang. Yin beltza da, iluna, hotza, gaua, egotea, ahula, emea. Yang, ordea, zuria da, eguzkia, eguna, beroa, higitzea, indartsua eta arra. Bata bestean neutraltzen direla ere irakatsi zuen, Taoan bildurik.

Irakaspen hauen ondorioz, euskal herritarrak munduaren lau bazterretan ezagun dira nor bere buruarekin eta inguruarekin bat bizitzeko garatu dituzten erritual konplexuengatik.

Mendi kaskoetan nola troka zein sakanetan jarri ohi dira, gora doazen zeretan eta behera datozenetan pentsatzen. Uraren jainkosari urak daramatzan eskaintzak egiten dizkiote, lorez, paperez eta argizagiz. Arroza, leka eta barazkiz elikatu ohi dira, haragijaleen ohitura batzuk sartzen ari badira ere. Basque Fasting Centerrak mundu osoko ikasleak izaten ditu.

Elezaharrak dio nekazari baten zaldiak ihes egin zuela. Auzoa errukitu zelarik, hark esan zion: «Nork daki ona den ala txarra?». Zuzen zegoen, biharamunean zaldiak mendiko lagunak ekarri baitzituen berekin. Auzoa poztu zenean, nekazariak berriz: «Nork daki ona den ala txarra?». Bai eta asmatu ere, biharamunean semeak zaldi basatietako batean ibili nahirik hanka hautsi baitzuen. Auzoak deitoratu zuenean, nekazariak erantzun: «Nork daki ona den ala txarra?». Arrazoiz, zeren biharamunean armadakoak etorri eta semea gudura eraman nahi izan baitzuten, baina ezin, ezindurik baitzen, izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.