nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Tristuraren tristezia

2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Ohetik salto egin eta komunerako bidea hartu du lasterka. Ez da iritsi, ordea, eta pasilloan bota du dena: afaria, infusioa eta ezinegona. Bere burua ere bertan erortzen utzi du eta malkoek rooibosarekin nahastean sortzen dituzten irudi iheskorrei begira, bildu-bildu eginda geratu da, negarraldi lotu eta kontsolaezin betean.

Nonbait irakurri du hau dela urteko asterik tristeena, triste egoteko arrazoirik ez dutenak ere goibeltzen direla urtarrileko egunotan. Eta triste egoteko motiboak badituzu? Ezpainetatik behera irristatuz ahora sartzen ari zaizkion muki urtsuak pijama praketan itsatsi ditu eskuaren mugimendu motel batez. Euria bota ahala dihardu eta haizeak etxeko pertsianak astintzen ditu. Julio Cortázarren El aplastamiento de las gotas poemarekin akordatu da. Markoaren goialdeari eutsita dagoen tantatxoan ikusi du bere burua, dardarka. Pixkana hazten doa eta kolokan dago, erori egingo da eta ez da erortzen, oraindik ez da erortzen. Azazkal eta guzti heltzen dio markoari, ez du erori nahi eta tripa hazten zaion bitartean hortzekin ere heltzen dio. Baina dagoeneko tanta puska bat da, eta bat-batean hor doa, plaf, deseginda, ezer ez, likitsa marmolean.

Lurretik altxa eta pijametatik darion jario okaztagarriak pauso bakoitzarekin egur gainean sortzen dituen orbanei erreparatu gabe joan da dutxara. Ondoren, pijama garbitzera bota, lanbasarekin dena garbitu eta pijama garbia jantzita sartu da berriro ohera.

Negargura ez zaio inoiz joaten, baina ikasi du malkoei eusten. Pozarekin ez bezala, triste egoteko eskubidea ukatu egin zaigulako. Oso egoera murritzetan onartzen da tristura eta, horietan ere, ez luzerako. Hiperzoriontasunaren gizarte honek tristura lehenbailehen gainditzera bultzatzen gaitu eta, ezin baduzu, egin ezazu negar zure etxean; besteok zipriztindu gabe.

Horregatik, goizean lanera sartu eta lankideak «zer moduz?» galdetu dionean «ondo» erantzun du, «bai, ondo».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.