nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Egia vs Errealitatea

2023ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Eleberri bat irakurtzen hasi eta gustuko ez badut, irakurtzeari uzten dioten horietakoa naiz. Saiakera bat irakurtzen hasi eta ulertzen ez badut, hiztegi bat aldamenean jarri eta berriz saiatzen naiz; eskatzen didan ahalegina handia bada, ziurrenik liburu hori irakurtzeari utziko diot baita ere.

Tarteka, idazlea esaten ari zaidana ezin ulerturik ibili arren, esaten ari zaidan hori oso garrantzitsua dela ulertzen dut, eta, horrek esaldi eta hitz bakoitzera lotzen nau azken orrialdera iritsi arte. Horrela gertatu zait Brigitte Vasalloren Lenguaje inclusivo y exclusión de clase liburuarekin. Ez naiz idazleak ematen dituen azalpenak nire hitzez azaltzeko gai, eta erantzunak baino galdera gehiago sortu dizkit; baina ziur dakit erakutsitako bide horiek ibiltzen segi behar dudala. Ohartu naiz bertan plazaratzen diren hainbat gauzaren inguruan ez dudala sekula hausnartu, ez behintzat kontzienteki. Zenbat gauza garrantzitsurekin gertatzen ote zaigu hori?

Adibidez, pobrearen genealogiaz hitz egiten du; nola eta zenbat mugatu zaitzake horrek erabakiak —eta bereziki arriskuak— hartzerako orduan? Ze ezaugarri ditu menpeko klaseen ahotsak? Nolako oihartzuna du? Ze kapital kultural jaso dugu edo ez dugu jaso? Zer egiten dugu jaso dugun horrekin? Nola eragiten dio horrek klase sozialen eraketari? Gai gara ezagutza, kultura eta jakintza bereizteko? Zer da semiokapitalismoa eta nola funtzionatzen du? Ohartu gara zenbat ustezko egia sortzen dituen sistemak errealitateak ezkutatzeko?

Vasallo hizkuntza hegemoniko batetik abiatzen da esklusioen eta inklusioen ingurukoak garatzeko. Baina, nola lekualdatu hau guztia oinarrian menpeko hizkuntza bat eta menpeko herri bat duen gure sistema honetara? Zeren eta garbi dago metodo zapaltzaile eta klase arrakala horiek guztiak egon badaudela, nahiz eta agian ez zaizkigun hain nabarmenak egiten. Nola aldatu gure begirada? Zein betaurreko jantzi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.