Argitzear da goialdea

Hibaikak eta Astillerok irabazi dute ETE eta KAE 1 ligan, Plentzian. Bi ligetan, zehaztu samar dago zein ariko den igoerako kanporaketetan

Hibaika bogan Zierbenako Banderan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Baldintza nahasietan egin behar izan zuten arraun atzo arraunlariek Plentzian (Bizkaia), ETE eta KAE 1 ligetako estropadetan. Haizeak indartsu jo zien, tarteka bolada indartsuekin, eta ur-lasterren eragina ere handia izan zen. Baina, nahasmenduan, ondorio argi samarrak ateratzeko modua izan zen, eta lanaren ondorengo kontu horiek bi ligetako goialdeko postuak jo zituzten, bete-betean. Izan ere, asko argitu da zein talde ariko diren igoera kanporaketetan.

Eguneko garaileei dagokienez, atzoko bi irabazleak Hibaika eta Astillero izan ziren. ETE ligan, hirugarren bandera irabazi zuten Errenteriakoek, eta KAE 1 ligan, espainiarrek bosgarren bandera izan zuten atzokoa.

Gizonezkoei bi estropada geratzen zaizkie liga amaitzeko, eta etzi eta etzidamu izango dituzte: Zarautzen (Gipuzkoa) larunbat eguerdian, eta Bilbon, igande goizean. Atzoko garaipenarekin, eta Isuntzak laugarren egin zuenez, zazpi punturen koska egin da bien artean, eta ligaren zati handi bat eskuetan dauka Miguel Angel Ruizen taldeak. Lehen biak joango dira Eusko Label ligako kanporaketara, eta Isuntzak hamabi puntura igo zuen atzo Deusturekiko aldea. Beraz, okerrik ezean, bientzat izan beharko lukete bi toki horiek.

Halako argitasunik ez da azpialdean, jaisteko kanporaketa jokatzera behartzen duen hamargarren lekuan. Atzo Zumaiak aurrea hartu zion San Juan B-ri, eta puntu bat goitik da orain Telmo Deun trainerua. Arkote ere sartu dute lehian, pasaitarrengandik hiru puntura baino ez dagoelako.

ETE ligan, berriz, Donostiarrak-ek—bigarren izan zen— eta Hibaikak aldea zabaldu diote Deusturi —hirugarren egin zuen, Tolosaldeak hiru segundoren zigorra izan zuelako—, eta, orain, bederatzi eta hiru puntu atzera daukate, hurrenez hurren. Hiru estropada falta zaizkie, eta lehen biak ariko dira Euskotren ligara igotzeko kanporaketan.

Kontu eta zenbaki hotzak dira goiko horiek denak, atzo Zarautz banderarik gabe utzi zuten segundo pare apurra bezain hotzak. Hutsa behar izan zuen Gari Urangaren taldeak bandera lortzeko, bigarren txandan erakustaldia eman ondoren. Azken txandako azkarrena zarauztarren atzetik izan zen estropadaren une askotan, baina, azkenean, haizeak behera egin zuela eta ez zuela, Astillerok 2,44 segundogatik menderatu zuen Enbata trainerua. Isuntza egongo zen ziurrenik espainiarren lekuan, azken ziabogan denbora galdu izan ez balu, oso zabal hartu baitzuen. Nabarmentzekoa Getariak egindako lan ona, hirugarren izan baitzen.

KAE 2an, Donostiarra B

KAE ligan ere kontuak asko argitu ziren atzo Castron (Espainia). Donostiarra B-k irabazi zuen, eta eskura du liga eta igoera, bi estropada falta direla. Hondarribia B izan zen bigarren. Orio B-k aukera asko galdu zituen kanporaketa jokatzeko: hamargarren izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.