Nafarroako Parlamentuak banku publikoa sortzera premiatu du gobernua

Ezkerrak bultzatu eta laukoak onartutako mozio batek nabarmendu du teknikoki, ekonomikoki eta juridikoki modua dagoela erakunde bat sortzeko

Parlamentuko ganbera, herenegun. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Motel, baina beste pauso bat eman dute. Ezkerraren ekimenez, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu Orain Baik mozio bat onartu zuten atzo Nafarroako Parlamentuan, eta, haren bidez, gobernua premiatzen dute banku publiko bat sortzera. «Teknikoki eta juridikoki egin egin daiteke, baina borondate politikoa falta da. Ekonomikoki ere posible da», argudiatuzuen Ezkerrako Marisa de Simonek. Mozioak nabarmendu duenez, gobernuaren menpeko CAN fundazioa Caixabanken akzioen %1en jabe da, eta hori salduta 200 milioi inguru lor ditzake bankuaren hasierako kapital gisa.

Testuari egindako zuzenketa bidez, EH Bildu, Ahal Dugu-Orain Bai eta Ezkerra ahalegindu ziren beste finantza iturri bat aztertzen. Bankia erreskatatzeko zor publikoaren bidez finantzatutako22.000 milioi euroetatik Nafarroak, hitzarmen ekonomikoaren bidez, %1,6 (355 milioi) erreklamatu ditzakeela uste dute alderdiok. Geroa Bai abstenitu egin zen, eta, oposizioak aurka bozkatu zuenez, ez zen aurrera atera.

Borondate kontua dela azpimarratzerakoan, begirada guztiak Geroa Bairengana zuzentzen dira. Laukoaren barruan, beste hiru alderdiek argi utzi zuten banku publikoaren alde daudela.

Geroa Baiko Jokin Castiellak ere aldarrikapen bera egin zuen, baina, halaber, zehaztu zuen beste ikuspegi bat dutela izaera juridikoari buruz. Haren ustez, ohiko ereduaz gain, «beste aukera batzuk ere badaude», eta auzi hori ez dute konpondu: «Ikusi behar dugu sobera bankarizatua dagoen sistema bat errepikatu nahi dugun edo berritasun kutsu bat eman nahi diogun». Hainbat aukera iradoki zituen; besteak beste, finantza institutu bat sortzea, berme erakundeekin lankidetza sendotzea eta Sodena sozietate publikoari finantza ahalmen handiagoa ematea. «Motxila ez dugu sobera bete behar agian merezi ez duen bidaia bat egiteko. Baina bidaia hasi nahi dugu».

Bidaia motel doa, ordea. Gobernua osatzeko akordio programatikoan jaso zuten aztertu egingo zutela banku publikoa egitea. Ikerketa egiteko lehiaketa hutsik utzi zuen, «zarata mediatiko» handia sortu baitzen jakin zenean AFI irabazleak parte hartu zuela CANen kudeaketan. Iaz, berriz, galdetegi bat antolatu zuen eragileen iritzia biltzeko, eta Rafael Lara eta Fernando de la Hucha adituek banku publiko baten egitura juridikoa aztertu dute.

Oposizioak uste du saioak ez duela aurrera egingo. PSNko Guzman Garmendiak: «Uste zenuten Black Friday denez gobernua merkealdian egongo dela. Geroa Bairen kasuan, etorri da merkealdia, baina keinu hutsak besterik ez da. Manu Aierdik ez du sinesten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.