Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Informazio gara(ia)

2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Informazioaren garaian bizi omen gara. Edo informazio gaindosiarenean esan behar genuke? Desinformazioarena ere izan liteke, bestela. Ez da erraza jakiten. Ezaguna da informazioa urrea delako esaera. Eta ez da gutxiagorako, gerrak irabazi izan dira informazioarekin. Adibide garrantzitsu bat Alan Turingek Enigma (alemaniar Nazien kriptosistema) deszifratzea lortu zuenekoa da. Baina Alan Turingek Enigma deszifratzeaz gain, Microsoftek, Googlek, Facebookek eta Amazonek gaur egun gutariko bakoitza deszifratzeko daukaten erreminta funtsezkoena ere asmatu zuen: ordenagailua.

Izan ere, gure telefono mugikor, ordenagailu, telebista eta bestelako gailu gehienak Turingen makinak dira oinarrian. Turingen makinaren ideia sinplea da berez: zinta bat izango genuke, non alfabeto jakin bateko sinboloak irakurri eta idatziko dituen makinak. Izan litezke 0ak eta 1ak, edo gure alfabetoa Atik Zra. Makinak agindu batzuk izango lituzke berarekin, eta agindu horien arabera aldaketak egingo ditu zintan. Zintako posizio eta agindu jakin batean hasiko litzateke makina lanean. Irakurritako sinboloaren arabera, hasierako aginduak hiru gauza esango dizkio: 1. utzi sinboloa dagoen bezala edo aldatu beste sinbolo honengatik, 2. mugitu posizio bat ezkerrera edo eskumara, 3. pasatu beste agindu mota honetara. Eta ondoren berriz jarriko litzateke mekanismoa martxan: irakurri, aldatu sinboloa/utzi berdin, mugitu ezker/eskuin, hurrengo agindua hau da.

Bada, hain mekanismo sinpleak eragin izugarria izan du, bai teknologian, bai zientzian eta baita filosofian ere. Turingek, mekanismoa asmatzeaz gain, frogatu baitzuen algoritmo baten bidez ebatz zitekeen edozein problema bere makina baten bidez ebatz zitekeela. Ez hori bakarrik, algoritmo batek erabaki ezin dituen problemak badirela ere frogatu zuen. Hau da, badira makina batek ebatzi ezin dituen problemak. Eta eskerrak, pentsatuko duzue. Ba bai, eskerrak. Baina zientziaren eta matematikaren filosofian krakatekoa eragin zuten emaitzetako bat izan zen, eta orain gutxi fisika kuantikoan ere aurkitu dira «erabakigarriak ez diren problemak» (undecidable ingelesez).

Baina, batez ere, gure eguneroko bizitzetan izan du eragina. Asko baitira algoritmoen bidez ebatz daitezkeen problemak, eta Turingi esker badaukagu modua horiek makinen bidez egiteko. Erraztasun horrek ekarri digu erlaxatze moduko bat. Eta ez naiz zatiketak kalkulagailuan egin beharrean eskuz egitearen nostalgiaz ari; tresnak erabiltzen jakin, baina mekanismoa ulertu nahi ez izateaz baizik. Badakigu ordenagailuak erabiltzen, baina ez gara gai beraien funtzionamendua azaltzeko. Ziur asko inoiz ez digutelako irakatsi. Praktikotasunaren izenean azaldu ez zaizkigun beste hainbat gauza bezala.

Informazioaren garaia da, baina ez dakigu zein informazio ari garen oparitzen. Izan ere, ordenagailu eta telefonoak hori ere badira, informazio lapurrak, nolabait esateko. Ez dakigu zein informazio ari garen sortzen; ez eta non eta nork jasoko duen, eta zertarako. Edo agian susmatzen dugu, baina nahiago dugu ez jakin. Edo agian sinistuta gaude informazio hori ez dutela inoiz gure kontra erabiliko, gu babesteko baizik. Eta, gure egoak ego, ausartuko gara esatera: «Nork izan lezake interesik nigan?».

Kontua da, gizakiok informazio gaindosia prozesatzeko zailtasun handiak ditugun arren, asmatu dugula makinei nola egin irakasten. Zenbat eta informazio gehiago izan, azkarrago eta hobeto ikasten dute, gainera. Eta gu ari gara, etengabe, makina horiek informazioz elikatzen. Ez dezagun historiak irakatsitakoa ahaztu: informazioa urrea da, eta informazioarekin gerrak irabazten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.