Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Denentzako ezkontza

2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Duela sei urte, 2013ko apirilaren 23an bozkatu zen Frantziar estatuan sexu bereko pertsonentzat ezkontzeko eskubidearen aldeko legea, orduan justizia ministro zen Christiane Taubirak aurkezturik.

2016ko apirilean eginiko ikerketa baten arabera, frantziar hiritarren %63k sexu bereko gurasoek osatzen dituzten familiak familia tradizionalen gisara hartzen ditu. Hainbesteko beldurra eragiten zuen legea jendartearen mentalitatea aldatzea lortzen ari da. Ez zen bada irabazia...

Interesgarria da legeek gizabanakoaren jarrerengan duten eraginaz ohartzea, eta hau iritziak arrunt finkatuak izan arren. Amerikako Estatu Batuetan eraman den ikerketa batentzat pertsona homosexualei buruzko «sinpatia maila» balioztatzea eskatu zaio jendeari, eta emaitzek legea onartu denetik aurreiritzi homofoboek nabarmen atzera egin dutela agerian utzi dute. Badirudi sexu bereko pertsonei ematen dieten eskubideez gain, legeek orokorrean norma berria finkatzen laguntzen dutela.

Alabaina, frantziar estatuan legearen onarpenerako bidea minbera izan zen: hilabetetan zehar milioi bat jende atera zen kalera «la Manif pour tous», «le Printemps français» edo «Civitas» taldeek eramanik. Aurkakoak handizki mobilizatu ziren orduan. Argudioak landuak zituzten hauek, eta horretan nagusi Christine Boutin, orduan kristau-demokraten alderdiaren presidentea zena. Egin zituen aipamen xelebre bezain absurdoek zerrenda luzea osatzen dute. Hona hemen sorta bat: «Denentzako ezkontza, frantziar errepublikan giza eskubideen bukaera da». «Desira bakoitza bete behar ote da?». «Denentzako ezkontza ez da bidezkoa». «Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak estatu totalitario batera darama, eta ni aurka nago demokrata naizelako». «Homosexualen arteko ezkontza onartzen bada, poligamia onartzea izanen da hurrengo urratsa». Urrunago ere joan zen ministro ohia, eta «homosexualitatea ankerkeria da» erran eta kondenatua izan zen gorrotora akuilatzeagatik. Geroztik politikariak bere kargua utzi eta «teologia ikasteari» ekinen omen dio... tolerantzia ikasgaia ez litzaioke gaizki etorriko.

Gaur egun, haatik, testuaren aurka oldartu zirenak berak ez dira legea indargabetzearen alde. Hautu politikoak iritzi publikoari egokitzen zaizkio nonbait. Haizea nora...

Denentzako ezkontza legea onartu duen europar herrialdeetan 9.a izan da Frantzia, eta giza eskubideen aberriari bide pixka bat gelditzen zaio oraindik egiteko, mentalitateak mugiaraztea ez baita aise lortzen.

Berriki legearen ondorio zuzenetako bat hezkuntzan agertu da, ikasleek eskolan ikasturte guztiz bete behar duten izen emate fitxan, hain zuzen ere. Orain arte erabiltzen ziren aita eta ama lerroak ordezkatu behar zirela iritzita guraso 1 eta guraso 2 hautatu dira bozkatua izan den emendakin batean. Erabakia ez da, ordea, ongi ikusia izan, hierarkizatzeko bidea ematen duelakoan: nor izendatu guraso 1 eta nor guraso 2?

Onartu bezain laster eta lasaitasuna lortze aldera proposamen berri baten bila hasi da gehiengoaren taldea. Badirudi azken aukera aita-ama/aita- ama hitzak izanen direla (ama-aita/ama -aita ez zaie bururatu nonbaitik ere...) gurasoek nahi bezala markatuko dituztenak, konfiantzaren eskola izenburupean aurkeztuko den lege proiektuan, non aitzinatzen baitira hezkuntzari ematen zaion garrantzia eta demografiak beheraka egin arren, baliabideen emendatzea besteak beste.

Baina erakusleiho horren gibelean errealitatea bestelakoa dugu Ipar Euskal Herrian. Seaskak 50 urte aurten betetzen dituela ikastolek behar dituzten irakasle postuak lortu ezinik gabiltza berriz ere, Hezkuntza nazionalarekin hitzarmena sinatu ezinik berriz ere. Legeak jendartearen baitan eragiten duen aldaketa jakina da, ea noiz lortzen dugun denentzako eskola. Bitartean, Herri Urratsera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.