NATOk saioa egingo du kideen arteko desadostasunak bideratzeko

Erakundearen 70. urteurrena ospatzeko batzar bat egin dute 29 kideek Londresen. Aliantzaren batasuna «gehiago indartzeko» gogoeta bat jarriko du abian

NATOk saioa egingo du kideen arteko desadostasunak bideratzeko.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
NATOk 70. urteurrena ospatzeko batzarra egin zuen atzo Londres kanpoaldean, Watforden, eta Aliantzako 29 kideek batasun irudia eman nahi izan zuten gero. Horretarako beharra ere badu erakundeak, aurreko egunetan kideen arteko desadostasunak oso agerian utzi zituztelako hainbat agintarik. Batzarraren ondoren, Jens Stoltenberg idazkari nagusiak hitz egin zuen, eta hitz politekin jantzi zuen bilerak emandakoa: «Oso giro onean batzartu gara, eta eraikitzailea izan da. Erabaki asko hartu ditugu, eta garbi geratu da kideen artean dauden elkartasuna, batasuna eta kohesioa». Agintariek adostutakoen artean daude ondorengoak: indar militarrak handitzea, espazioa «bosgarren esparru operatibo» izendatzea, eta «terrorismoaren» aurka egiteko akzio plana onartzea.

Indarrak handitzeko eta zabaltzeko erabakiaren barruan dago Baltikoko herrialdeetan eta Polonian hedatzea, eta, hain zuzen, adostasun hori kinka larrian egon zen, Tayyip Erdogan presidenteak esana baitzuen, mehatxu gisa, ez zegoela argi Turkiak neurri hori babestuko zuen, non eta aliantzako kide guztiek ez dituzten kurduak «terroristatzat» jotzen. Stoltenbergek ez zuen ezer aipatu desadostasun horien inguruan, baina zehaztu zuen atzoko batzarrean ez zirela aritu Turkiak kurduak «terroristatzat» izendatzeko egindako eskariaz.

Ez zen bilerako diskordantzia bakarra izan, gero Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azaldu zuenez, Errusiarekiko harremanak aipatzean: «Aliantzak kontuan hartu beharko luke Errusiarekin elkarrizketa bide sendoa edukitzea, ezinbestekoa baita Europan bakea egoteko». Adierazpen horien oinarrian dago NATOk atzoko bileran hartu zuen beste erabaki bat: gogoeta prozesu bat abiatzea aliantzaren «batasuna indartzeko». Kideen arteko desadostasunak daude asmo horren oinarrian; hain zuzen, Macronek berak nabarmen azaleratu zituen aurreko egunetan: «Garun heriotza dauka NATOk», esan zuen. «Kideak esnarazi nahi nituen, gogoeta egin dezagun etorkizunean erakundeak izan behar duenaz», esan zuen gero, aurreko hitz horiek esplikatzeko.

Ikusgai dago zer emango duen Frantziak eta Alemaniak egindako gogoeta prozesu horrek, baina ematen du aliantzaren barruan indar gehien duten herrialde batzuek gainontzekoak kontrolpetik ez ateratzeko bidea izan daitekeela. Turkiak azkenaldian hartutako erabaki bat adibide ona izan daiteke herrialde horien kezka azaltzeko: Errusiatik eskuratu zuen misilen aurkako sistema bat, ez dena bateragarria aliantzakoarekin. Bistan da Errusia aipatze hutsak ezinegona eragiten duela NATOn, eta baita Txinak ere. Hain justu, atzoko batzarrean lehen aldiz aritu ziren hizketan Asiako herrialdearen hazkuntzaz eta gorakadaz, eta esanguratsua da munduko botere harremanak nondik nora doazen ulertzeko.

Trumpen nahiak alboratuta

Batzarraren aurretik, kezka handi bat zeukan Donald TrumpAEBetako presidenteak: Europak eta Kanadak aliantzari egiten dioten diru ekarpena handitzea. Trump esan eta esan aritu da herrialde bakoitzak bere barne produktu gordinaren %2 eman behar duela. Garai batean, aliantzako kideek erabaki hori hartu zuten, baina ez dute betetzen, eta ez du ematen betetzeko trazarik duenik, atzoko bileran ez baitzen oso sakon aztertu gai hori.

Hala ere, Stoltenbergek adierazitakoaren arabera, kideek iritzi bateratua izan zuten gaiaz aritu zirenean: diru ekarpena gehiago banatzearen aldekoak dira.NATOko buruzagiak onartu zuen «asko hobetu» behar dutela horretan, nahiz eta azaldu zuen inbertsio militarra asko hazi dela azken bost urteetan: «Bosgarren urtez jarraian gora egin du». Trumpi keinua eginez, beste hau ere esan zuen: «Europarrek eta Kanadak 118.209 milioi euro gastatu dute defentsan, eta 363.720 milioi eurora handitzea aurreikusten da 2024rako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.