Bi militarrek aitortu dute rohingyen aurkako erasoak egin zituztela

Onartu dute Myanmarko armadako goi kargudunek rohingya guztiak «hiltzeko» agindu zietela

Rohingyak Bangladeshko errefuxiatuen kanpalekuan, Cox's Bazarren. STR.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Hiru urte dira Myanmarko armadak rohingyen aurkako sarraskia egin zuela, eta bi militarrek orain aitortu dute gizateriaren kontrako krimenak egin zituztela gutxiengo musulmana diren etnia horren aurka. Jakinarazi dutenez, armadako goi kargudunen aginduetara jardun zuten, eta eskatu zieten rohingya guztiak «sarraskitzeko», «entzuten eta ikusten zuten guztiari tiro egiteko» eta etnia horretako kide guztiak «hiltzeko».

Myo Win Tun eta Zae Naing Tun dira rohingyen aurkako erasoetan parte hartu zutela onartu duten bi militarrak. Win Tunek aitortu du hainbat herri suntsitu, sexu erasoak egin eta 90 eta 100 zibil artean hil zituela Myanmarko Rakhine estatuan, herrialdearen mendebaldeko kostaldean, 2017ko irailean. Naing Tunek, berriz, esan du gutxiengo musulmanak bizi ziren hogei herrixka inguru suntsitu zituela, eta laurogei zibilen hilketan parte hartu zuela, tartean «haurrak eta emakumeak» zirela. Bideo baten bitartez aitortu dituzte krimenak.

Fortify Rights gobernuz kanpoko erakundeak herenegun galdegin zuen bi militar horiek Nazioarteko Zigor Auzitegiak (NZA) auzipe ditzala, eta adierazi zuen gorteak lekukoak babesteko programa bat eskaini beharko liekeela beren nagusien aurka testigantza eman dezaten. «Rohingyentzat eta Myanmarko herriarentzat garai garrantzitsua da justiziaren aldeko borrokan», esan zuen Matthew Smith erakundeko zuzendariak. Haren hitzetan, gizon horiek «Myanmarren egindako sarraskiengatik Nazioarteko Zigor Auzitegian epaitutako lehen erasotzaileak eta auzitegiaren zaintzapean dauden lehen lekuko zuzenak izan daitezke».

Erakundeak adierazi zuen lekukotasuna eman duten bi militarrak desertoreak direla, eta krimenak onartzen zituzten bideoak ARSA Arakango Rohingya Askapenerako Armadak grabatuak izan zirela, joan den uztailean; gobernuak «terroristatzat» ditu, eta Myanmarko armadak talde horren aurka borrokan dihardu Rakhine eskualdean.

Halaber, soldaduek rohingyen aurkako sarraskian parte hartu zuten armadako beste hamazazpi kideren izenak ere eman dituzte, eta horien artean daude sei goi komandante: krimenak agindu edota laguntza eman zutenak direla jakinarazi dute.

Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, bi militarrak dagoeneko Nazioarteko Zigor Auzitegiaren zaintzapean egon daitezke. Azaldu dute biak abuztuaren erdialdean iritsi zirela Bangladeshko mugara, herrialdeko agintariei babesa eskatuz, eta, Dakha Erromako Estatutuaren parte denez —Myanmar ez bezala—, Bangladeshek Nazioarteko Zigor Auzitegiari haien presentziaren berri eman ziola. «Ebidentziak daude biak Herbehereetako Haga hirian daudela baieztatzeko, NZAren zaintzapean». Gorteak ez du informazio hori berretsi.

2018ko irailean, Fatou Bensouda NZAko fiskalburuak baimena jaso zuen Rakhine estatuan egindako gizateriaren aurkako krimenengatik ikerketa bat hasteko. Erabakia NZAko magistratuek epaitegiak jurisdikzioa duela baieztatu ostean hartu zuten. Izan ere, ondorioztatu zuten deportazio delitua Bangladeshen ere egin zela: milaka rohingyak egin behar izan zuten ihes herrialde horretara. Myanmarrek, berriz, baztertu egiten du ikerketa hori.

Sarraskia

2017an, Arakan Armadak segurtasun indarren hainbat egoitzari eraso egin zien. Horrek, ordea, ondorio askoz ere odoltsuagoa izan zuen: armada eta milizia budistak 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre eta 400 rohingya hil zituen. MSF Mugarik Gabeko Medikuek etnia musulmanaren aurka egindako jazarpenari buruz zabaldutako datuen arabera, Myanmarko armadak gutxienez 6.700 rohingya hil zituen hilabetean—abuztuaren 25etik irailaren 24ra—; haietatik 730, haurrak.

Gertakari horrek exodoa eragin zuen, eta, hiru urteren ostean, oraindik ez da konpondu auzia. Rakhine estatuan, rohingyak dira populazioaren herena, baina horietako 730.000 baino gehiagok muga igaro behar izan zuten, torturen, bortxaketen eta jazarpenaren artean. Bangladeshera egin zuten ihes horietako ia denek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.