Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Apropiazionismo kulturalaren alde

2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako kazetari zenbait, azken hilabeteotan, apropiazionismo kulturalari buruz hitz egiten ari dira. Kontra. Rosalíari egozten diote ijitoa ez izatea, kontserbatorioan ikastea eta flamenkoa egitea. Alegia, flamenkoa egiteko zilegitasuna ijitoek soilik daukatela eta hori ezin dela irakatsi eta flamenkoa egin gabe egitea lapurreta kulturala dela. C Tanganari egozten diote klase ikuspegitik ez dela nahikoa lunpena lunpenak bezala jantzi eta solas egiteko.

Eta ez da paradoxa musikari buruz idazten bada, zientziaz eta kotxegintzaz ez bezala, inolako jakintzarik gabe, iritzi soilarekin, intuizio politikoekin. Erreakzionarioak dira jendearen kategoria soziologikoak izoztuta nahi dituztelako: Pumeza Matshikiza hego-afrikar beltzak ezin du Wagner zuri alemaniarraren Parsifal abestu?

Apropiazionismoaren kontrakoak antikomunistak dira: ez dutelako oparotasuna guztiontzat nahi. Eta ez dutelako ulertu burgesiak guztia irentsi dezakeela, salbu eta mugimendu iraultzaile baten baitan oso txertatuta dagoen artelan bat. Horregatik daudela, Eagletonek gogorarazten duen bezala, «Picassoak» banketxeen paretetan: mugimendu politiko erradikal horiek huts egin zutelako: «Apropiazioak politikarekin du zerikusia, ez kulturarekin; une jakin batean nork irabaziko duen dago jokoan. Haiek irabazten badute [...], dena neutralizatu eta irentsiko dute. Zuk irabazten baduzu, ezingo dute ezer apropiatu, zuk apropiatuko dituzulako haiek. Burgesiak asimila ezin duen gauza bakarra bere porrot politikoa delako».

Azkenik, argudio hau antileninista da: Leninek kulturari buruzko bere hitzaldietan nabarmendu zuen kultura burgeseko eta aristokratikoko onena zabalduko zuela SESBek. Burgesek egin ez zituzten eskolak, unibertsitateak, kontserbatorioak, museoak eraiki zituzten. Eta Txaikovski eta Bach programatu zituzten sarri. Nahiz eta lehenak balio burgesak eta bigarrenak monoteistak zabaldu beren lanetan. Kultura komunista post-iraultzailea delako, ederrenari ez dio jatorria begiratzen, azaltzen badu ere. Ez da sektarioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.