Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Espetxeak apurtu

2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Ezingo da beste mundu bat eraiki, justizia sozialetik, ez bada kartzelaren eta psikofarmakoen osoko zuzenketa bat egiten. Adierazgarriak eta poztekoak dira, zentzu horretan, iaz Nafarroa Garaian egin diren manifestazio erraldoienen funtsean justizia eskatzea (Altsasuko gazteen alde, Manadako bortxatzaileen kontra). Alegia, ez zen gazteentzat zigorgabetasunik eskatu (nahiz eta parean zituzten polizia militarreko agenteek ez luketen ogibide hori egiteko eskubiderik izan beharko Nafarroan), ezta bortxatzaileentzat betiereko kartzela zigorra ere. Eta printza horietatik eraikiko da zigorraren kulturaren antipodetan egon behar duen justizia bat.

Bada, berdin Rodrigo Ratorekin. Bere kartzelaldiko irudiak ikusita, bada poza ere adierazi duenik. Baina poz horrekin ez da mundu justuago bat eraikiko. Besteak beste, Angela Davisek beltz progresistei egiten zien kritikatik edanda: orain justiziaren aldekoak diruditen lege horiek injustiziaren alde jartzen direlako bihar. Eta, kasu gehienetan, jende xeheari bizitza txikitzeko guneak dira kartzelak. Rodrigo Rato ere gizaki bat da. Eta egitekotan, berak lapurtzea posible egiten duen mafiaren erakundetze guztia (estatala, paraestatala, nazioartekoa) da eraitsi eta desagerrarazi beharrekoa (kapitalismoa).

Planetaren distopia direnAEBetan bi milioi preso daude. Munduan bederatzi dira. AEBetako kartzeletan buruko gaixotasunak dituzten presoak psikiatrikoetan daudenen bikoitzak dira. AEBetan munduko populazioaren ehuneko bost bizi da, baina presoen populazioaren ehuneko hogei daukate. Kartzela industria bat da, baita Hegoaldean egin diren eta egingo diren berriak ere, eta euren lana ez da justizia lantzea, ez da injustizia berdintzea, euren lana presoak sortzea da. Davisen hitzekin esanda: «Kartzela populazio altuak kartzela populazio altuagoak sortzen ditu». Munduan konplexu militarrarekin aliantzan funtzionatzen du kartzelak: bizitzaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.