LARREPETIT

Jakobinoak eta gu

Hedoi Etxarte -

2019ko otsailak 23
Halley kometa baino maizago agertzen da EHko eszena publikoan «jakobino» irain gisa. Aste honetan egin du aparizioa, ezkerreko politikari subiranista baten argudioetan. Markoa, tamalez, ohiko da: ezkerreko norbaitek jakobino deitzen du Madril eta Parisko neoliberal zentralista bat.

Agian izan daiteke hasierako Antonio Gramsciren eraginarengatik. 1917ko uztailaren 28an Il Grido del Popolo-n Errusiako iraultzaz ari zela idatzi zuen: «Errusiak zorte ona izan zuen: jakobinismoari ez zion jaramonik egin». Gerora iritzia guztiz aldatu zuen Gramscik. Baina, antza, bere Kartzelako kaierek ez dute hainbesteko zabalpenik izan gurean. Guido Ligouriren aburuz, Gramscik oso irakurketa baikorra egin zuen kaieretan jakobinoen ekarpenaz: dozena bat aldiz aupatu zituen. Lehen artikulu hartan Lenin Babeufekin alderatu bazuen, Albert Mathiez irakurri ostean, argi ikusi zuen 1789-1794ko Lenin Robespierre izan zela.

1848ko otsailaren 22an hartu zuen Marxek hitza Bruselan, Krakoviako altxamenduaren bigarren urteurrenean (Komunismoa, iraultza eta Polonia askea). 1793ko jakobinoak eta 1848ko komunistak alderatu zituen. Errusiak, Austriak eta Prusiak Polonia zatitu zuten 1793an 1791ko konstituzioaren kontra egiteko, «printzipio jakobinoak» zeuzkalako: botere banaketa, prentsa askatasuna, kontzientzia askatasuna, epaitegi neutralak, joputasunaren abolizioa. Liberalismo oinarrizkoenari jakobinismo esan zioten. 1794ko kontrairaultza burgesak Frantziako jakobinoak exekutatu zituen. 1846an austriar inbaditzaileek lehen jakobino deitzen ziotenari «komunista» esaten zioten Polonian.

Horregatik, ezkertiarrek jakobino iraintzat erabiltzean Malcolm Xren aipuaren mutazioa datorkit: «Ez bazabiltza tentuz, historialariek askatzaileak izan zirenak gorrotatzera eramango zaituzte eta zapaltzaileak maitatzera». Saint-Just eta Robespierreren alabak izango gara (akats, porrot eta Vendéeak aztertuz), baldin eta gure independentzia ez den egungo Polonia nardagarria bihurtuko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna