Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Ni ez naiz hemengoa

2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Kataluniako afera dela eta, independentziaren kontrakoek oso argudio sendoa erabiltzen dute azkenaldian Twitterreko eztabaida sakonetan, aurkariari erantzuteko aukerarik ematen ez diona: «Begira iezaiozu zure nortasun agiriari. Zer jartzen du?: E-S-P-A-Ñ-A!». Marratxoak nonahi ager daitezke, hitza hizkika edo silabaka zatitua, baina badirudi ezinbestekoa dela espainol guzien aberriaren izena maiuskulaz idaztea, aldarriak behingoz aurkari nazionalista baztertzaileari ez-nazionalista kosmopolitaren sufrimendua ezagutaraziko diolako esperantzan. Enpatia lezioa.

Bada, Hauteskunde Batzordeak doktrina bera aplikatu omen du Iruñean Modou Faye Beltxa-ri hautagai izateko aukera ukatu dionean. Batzordeak argudio sendo ezaguna erabili du debekua ezartzeko. Nik dakidala, Fayek ez du inolako ustelkeria kasurekin harremanik izan, ez du inongo kutxaren arpilatzean parte hartu, ez du indarkeria matxista erabili, ez zaio sekula burutik pasatu pederastia kasurik zuritzea, ez du frankismoa goraipatu edota nazionalkatolizismoaren biktimarik umiliatu. Hala eginda ere, ez litzateke traba izanen. Oztopoa da ez duela Espainiako nazionalitaterik —berriz galdera, «zer jartzen du zure dokumentuan?»—, nahiz eta 10 urte joan diren egoera administratiboa erregularizatu eta bizileku baimena lortu zuenetik. Seguru asko, erabakia legezkoa izanen da erabat: hain zuzen ere, gertaera hori da kezkagarriena eta arbuiagarriena. Nonbait, legeak aitortzen dio Fayeri pertsona dela —nola ez!—, baina ez erabatekoa; Hauteskunde Batzordeak erabateko pertsonatzat hartuko balu, «benetako pertsonok» ditugun eskubideak ere aitortuko lizkioke, eta bere hiriaren aldeko ekarpenak egiteko —dagoeneko egiten dituenaz gain— aukera emanen lioke. «E-S-P-A-Ñ-A».

Noiz edo noiz, aireportuan, familia bisitatzera joaten naizenean, gure etxetik gure etxerako bidaia egiten dudala etorri zait burura. Badirudi legediak ez diola aukera bera eman nahi hainbat bizilaguni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.