Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Iraultzen kontrako iraultzaile onak

2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Desilusionagarria izan omen zen 1830eko panorama Karl Marx eta bere ingurukoentzat. Hala kontatzen du Josep Fontanak (L'ofici d'historiador: Arcadia 2018*). 1789ko iraultzaren oinordekoek 1830eko iraultzaren ostean irakurri zuten: kitto. Aski zela, «guztien askatasuna lortzeko burgesiaren ekimenak lortu zuela jada aurrerapen sozialaren emaitza izugarria». Guizot eta Barnaverentzat historia amaitua zen jada. Burgesiak askatasuna eskuratu zuen. Ez zen iraultza gehiagorik behar.

Marxentzat historialari haiek ziren «klase borroka aurkitu zuten» pertsonak. Ezin zuen ulertu nola ez ziren jabetzen klaseak egon artean egongo zela borroka. Eta baietz, Frantziako iraultzak hirugarren estatuarekin akabatu zuela, baina abian zela burgesiaren eta proletarioen arteko talka. Ziklo historiko horren aldaketak inspiratu zuen, Fontanaren aburuz, 1848ko manifestu komunista. Tamalez borroka politikora dedikatu ziren, bizitza pertsonalak erabat sakrifikatuz, bai Engels,bai Karl eta Jenny Marx eta baita beren alabak ere. Eta bazterrean geratuko zen historiaren ikasketa, nahiz eta historialari askotaneragingo zuen gerora.Historia ekonomikoa eta soziala ikasi zuten «Annales» eta «marxista britainiarrak» batetik (Fontanaren hitzetan, Marxen ondorengo legitimoak). Eta, bestetik, irakurketa «dogmatiko eta estuak», SESBeko akademikoak, Frantziako estrukturalismo marxista («hitzezko formulazioen bilduma bat baino gutxi gehiago») edota katezismo gisa zabaldu zena, bereziki Latinoamerikan, Althusserren bidez.

*Demagun urtebeteko su-eten bat egiten dutela EHko udaletako, aldundietako eta gobernuetako itzultzaileek. Txosten eta ebazpenak euskaratzeari utzi eta historia, artea eta kimika; nobelak, ipuinak eta poesia ekar ditzatela. Eta 2 milioitik gora fakturatzen duten enpresek funts bat egin dezatela editoreak, zuzentzaileak, maketatzaileak, diseinatzaileak eta inprentako lanak ordaintzeko. Urtebeteko simulakro bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.