Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Talde Gorria

2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Juan Luis Arsuaga paleoantropologoarekin egon ziren lehengoan Gara egunkarikoak. Gauza interesgarri asko esan zituen Arsuagak eta horien artean ni ideia batekin geratu nintzen: inor ez da errealitatean bizi, denok bizi gara gure geurea den Matrix-en. Alegia, errealitatetzat daukagun mikroerrealitateen errealitate handi batean bizi garela. Hortik begiratuta ez dirudi astakeria handiegia Frantziako defentsak iragarritakoa. Lauzpabost idazle kontratatuko ditu, ez edozein generotakoak: zientzia fikzioa egiten dutenak kontratatuko ditu. Zer eta etorkizunak ekar litzakeen arriskuak aurreikus ditzaten. Irudimena eta sormena eskatzen zaizkie. Izan ere, pentsatu dute etorkizunak ekar dakizkigukeen gaitzak ejerzitoak berak baino hobeto aurreikusiko dituztela idazleek. Frantziako defentsa ministerioak oso serio hartu du kontua. Talde Gorria izena eman diote. Rol jokoak bide aproposa izan litezkeela uste dute, hortik zientzia fikzioarena. Dena sekretupean gordeko da; hots, idazle hauek maisulanak idatziko balituzte ere ez ditugula ezagutuko. Macron presidentea okertuta egon litekeela uste lezake norbaitek, baina pentsa ezazu une batez Jules Vernek idatzitakoetan. Berak gerora gauzatu diren asko aurreratu zituen eleberrietan. Mende bat geroago gizakiak gauzatuko zuen ilargi bidaiaz idatzi zuen, esaterako. Nemo kapitainari arma elektrikoak eman zizkion hori ameskeria hutsa zenean. Amerikar kazetari baten lan jarduna 2889an irakurri besterik ez dago.

Etorkizuna misterio bat da, eta Stephen Hawking zientzialaria ez zen oso baikorra. Estralurtarrek mikrobiotzat har gintzaketela pentsatzen zuen. Edozelan ere, Euskal Herriko administrazio ezberdinetako agintariei dei egin geniezaieke Atopiakoak kontrata ditzaten. Euskal Herriak dituen erasoekin has litezke, eta hortik gora, irudimenak ezartzen dituen mugetaraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.