Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Desobedientzia zibila

2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Thoureauren Resistence to Civil Government (Gobernu zibilaren aurkako erresistentzia, gerora Desobedientzia zibila berrizendatua) saiakera irakurtzea gomendatzen diot Imanol Salinas sindikalistari 21 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dion epaileari.LABek protesta egin zuen La Sangiovesa jatetxearen aurrean, enpresak lau langile kaleratu baitzituen hauteskunde sindikaletan zuzendaritzak proposatutako hautagaia ez babesteagatik. Epaian biolentziaz aritzea leporatu dio Salinasi megafonoz kontsignak oihukatzeagatik.

Henry David Thoureau idazle eta filosofoak (Concord, Massachusetts, 1817-1862) gau bakarra eman zuen herriko presondegian, 1846an. Esklabotza Estatu Batuetako finantza egituraren oinarrietako bat zen garai hartan, eta Thoureau pertsonaren eskubide guziak ezabatzen zituen sistema ankerraren aurka zegoen. Urte berean gizakien jabe izatea bermatzen zuen Estatuak Mexikoren aurkako gerra espantsionista —estatu iparramerikarraren finantza sistemaren beste euskarri bat— abiatua zuen. Filosofoa ez zegoen Estatu gerrazale eta esklabistari laguntzeko prest, eta horregatik erabaki zuen zergarik ez ordaintzea: Sam Staples zerga-biltzaileak metatutako zorra eskatu zionean uko egin zion ekarpen fiskalik egiteari. Ondorioa, presondegiko egonaldi laburra. Izeba Maryk kitatu omen zuen filosofoaren zorra, Henry ilobaren asmoari muzin eginda.

Lege-haustea egitea leporatu dakioke Thoureauri, noski, ez baitzuen araua bete Estatuaren zuzengabetasuna adierazteko asmotan. Idazlearen desobedientzia-ekintza ez zen kriminala izan, lege bidegabeak eraldatzeko asmoa baitzuen, eta bistan dago biolentziarik gabeko ekintza zibila egin zuela Thoureauk. Beharrik 1846an ez zegoen megafono elektrikorik. Desobedientzia zibilaren oinarriak azaldu zituen Thoureauk bere lanean, eta idazkia Tolstoiren, Goldmanen edo Martin Luther Kingen erreferente izan zen. Susmoa dut epaileari ere on eginen liokeela irakurketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.