Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Sortzaileak

2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Kitto arnasgunea. Orain 361 eguneko errealitate gorabeheratsua dator. Zintzoki jokatuta datozen 361 egunetarako badira arnasgune zenbait, baina zintzoki jokatzen ari garenez esango dizut ez direla nahikoak. Isiltasun geruza sendo xamarra, Astiz poeta eta kazetariak orriotan zioen legez. Zintzoro jarraitzen dugunez gero esango dizut: amaitu dira sortzailearen arrosa eta ardo egun urriak. Sortzailearen erronkak: etxeko alogera/hipoteka, argia, herri/hiriko zergak, jatekoa (a ze ohitura trauskila), seme-alabarik badute eurekin lotutakoak, agian gaixotasun gastuak. Hots, zu bezain piztia arrunt dela.

Ogibidea behar du sortzaileak sormenak ez baitu bizitzeko lain ematen. Ogibideak uzten dion denbora apurra (lo ere egin behar baita) bere eguneroko zereginetan banatuko du, eta jakina, sortzeak lehentasunetan behera egiten jarraituko du. Barruetan daukan har kapritxosoa: narrazioak, abestiak, poemak, komikiak, margolanak, ilustrazioak, gidoi, dokumental, bertso, antzezlan, abesti, doinu, finean zernahi artefaktu kultural egitera daramana mututzen joango da. Eta okerrena, hain dago ahituta, hain bezatuta, gogorik ere ez zaiola geratuko sortze-lanetarako. Kultura garrantzitsua da, super garrantzitsua, baina kultura azpiegiturari bazka ematen dionak akidura du begi zuloetan. Star bat izan da lau egunez, eta orain, lagunok, «eutsi iezaiozu» esaten diote. Egunean behinek egin beharko lukeen galdera: zenbat emakumezko idazle bizi da idazte hutsetik? Erantzun posibleak: bat, bi, hiru. Karramarro eta kakanarro herria. Sortzen duen herria ez da inoiz hilko, ez da inoiz hilko, kantatuko luke Muguruzak ozen. Gora herria, e! Gora herria. Jinkoak mendiak eta lainoak eta itsasoa eta errekastoak egin zituen, ez sortzaile alper eta dandy bizizalerik. Baina gora herria, e! Eta inun baino alaiagoa izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.