Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Zoriontasuna, miseria eta idazketa

2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Duela hiru aste isiltasunaz ari ginen hemen. Nola Mussoliniren erorialdiari esker Natalia Ginzburg eta bere senarra itzuli ziren Erromara, baina han poliziak Leone atxilotu, torturatu, Regina Coeliko kartzelara eraman eta, hogeita hamalau urterekin, hil egin zuen.

Ginzburgek gai gisa hartu zuen idazkera bera. Alegia, ba al dira aldeak zoriontasunetik ala miseriatik idazten ditugun testuen artean? Ginzburgen aburuz, bi egoera emozional horiek ekoizpen literarioari tranpak egiten dizkiote. Zoriontsu garenean errazagoa da irudimena lantzea, pertsonaiak asmatzea, egilearen esperientzia pertsonaletik kanpora joatea, baina oso posible da pertsonaiek gupida nahikorik ez izatea, adibidez, eta gupida hori ezinbestekoa da «literatura handi bat» eratzeko. Eta oso posible da egindako literatur munduak «sekreturik eta itzalik» ez izatea ere.

Bestalde, zoriontasunik gabe idatzitako lanetan egileak muturreko begikotasun bat izaten du bere pertsonaiekiko, bere pertsonaiek antz handiegia dutelako bere eguneroko bizitzaren latzarekin. Hala denean, pertsonaiak egilearen dolua lantzeko saialdi nabarmenegiak izaten dira.

Zentzu horretan, Ginzburg nahiko erradikala zen: idazketak ez du sosegurik ematen, eta ez du eman behar. Idaztea ez da ogibide bat norberaren lasaitasuna bilatzeko. Ez behintzat berari interesatzen zitzaion idazketa. 1962koak ziren gogoeta horiek (Le piccole virtù) handik urte batzuetara berrikusi zituen. Eta ñabardurak aurkitu zizkion idatzitakoari: «Aitortu behar dut, bizirik jarraitu dudanez, bizitzak berak ulertu duela, adinean aurrera eginda, gero eta garrantzi txikiagoa duela norberaren animoaren egoerak [idazkeran], zeren iristen da bizitzako une bat, hainbeste galera jasan direla, beti dagoela zoriontasun faltaren azpidoinu bat. Eta, beraz, [emozioen] eragina txikiagoa da. Edozein egoera mentaletan idazten ikasten duzu, eta gehiago sentitzen duzu zeure burua... ez zeure bizitzatik urrun, baina bai bizitza menderatzeko prestatuagoa bazeunde bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.