Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Greba orokorra eta espazio urbanoa

2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Determinazioz azaltzen du Andy Merrifield-ek (The New Urban Question): «Egitate bat da, ez dago sektore publikoaren garai onetara itzultzerik, Estatu paternalista zaharrera, Estatu probidentzial horretara zeinetan bazen pertsonarenganako ardura bat. Hau onartzeak, nahiz eta mingarria izan, manifestu komunistako marxismora gerturatzen gaitu, marxismo bat mugitzen dena kapitalismoa akabatuta dagoen ikuskera batekin, ikuskera hori barneratu eta jarraitzen duenarekin. Ez da gauzen egoeraren ukapenean bizi: marxismo iraultzaile bat da urbanoa irauli nahi duelako».

Baina eta zer zerikusi dauka urtarrilaren 30eko grebak espazio urbanoarekin? Bada, XX. mendeko hogeita hamar loriatsuen ispilatzea albo batera utzita, espazio urbanoa ustiatzen du kapitalismoak. Ez lantegia, ezta lantokia ere. Eta horregatik afera ez da piketeen bidez auzoko dendariari hortzak erakustea. Eta horregatik nabarmentzen da zaintzaren eta kontsumoaren greba dela 30ekoa (azierto bat, portzierto): kapitalari bost axola zaio egun batez gure lantokian plantatzea. Zeren berak ustiatzen ditu higiezinak: bizi garen, erortzen garen, oinez egiten ikasi dugun egongela, espaloia eta parkea. Berak ustiatzen du Kontxako barandila, Entzierroaren ibilbidea eta Gaztelugatxeko eskailerak. Berarentzat espazio urbanoko museoak, txapazko erakustazokak eta biribilguneetako altzairuzko nahaspilak apaindurak dira. Lur urbanoa salgai bat da, errentak xurgatzeko tokia, David Harveyk esan bezala.

Zeren Manuel Castellsi (eta, antza, bere ekipo instituzionalari) ahaztu zaio Kapitalaren bigarren liburukian Marxek aipatzen duen «ekoizpen indarren erreprodukzioa». Eta ordea, Merrifieldek nabarmentzen duenez, hor dago koxka egungo planetan: kapitalak ez du inolako ardurarik erreprodukzioan, bizitzan. Justizia soziala eta espazio urbanoaren eskubidea aldarri beraren bi beso dira. Eta aldarri horren eskola ezinbestekoa da greba orokorra (etxeko sukaldetik Takiji Kobayashik idatzi bezala, auzotik, lantokitik).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.