Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Biharamunak

2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Greba orokorraren minutuak bukatzen ari ziren. France Culturen Adèle Van Reeth-en ordu beteko elkarrizketa Alain Badiouri. Sarritan pasatzen dira filosofoak Frantziako hedabideetatik (ukaezina da euskaldunok behar dugula 100% kultura landuko duen irrati publiko bat EH osoko FMan entzungai: baina hori hurrengo baterako).

Van Reethen elkarrizketan Badiouk aitortu zuen bere ibilbide filosofikoa bere amaren eta aitaren sintesi saiakera bat zela. Badiouk egia aztertu du sarritan (egia batailan den elemendu politiko funtsezko bat da). Egia ez da errealitatean aurki dezakegun zerbait. Egia «egiaranzko prozedurekin» sortzen da. Egia sorkuntza bat denez, ezin da sortu duen «errealitate horretan bertan» topatu. Horretarako «zerbait» gertatu behar da. Alegia, «egia» oro «gertakizun» batean sortzen da. Zerbait eragabetzen denean suertatzen da gertakizun bat. Baina «gertakizun» guztiek ez dute «egia» bat sortzen. Gertakizunak egiak sortzeko aukerak dira: baina gehienak desagertzen dira, antzuak dira. Ernaltzeko lardaskatu behar dituzte gertakizuneko ugaritasunak. Ugaritasun horiek izan ziren U30ean ere bai. Joxe Azurmendiren «euskaldunon komunitatean» barnebildu zituenak grebara eramanda, adibidez. Greba da sutsuki babestu zutenak, epel joandakoak, kritikoak zirenak; are greba egin gabe etsaikortasunez ikusi ez zutenak. Eta anizkoitasun horretatik etorriko da orain borrokan dagoen egia hori sortuko den ala ez: sistema politiko-ekonomiko hau injustua dela, ezin dugula horrela jarraitu eta, poliziei oihu egiten diogunaren kontra, «nahi ditugula eta behar ditugula» ostegunean aldamenean izandakoak eta etorri ez ziren asko ere bai.

Van Reethi esker jakin nuen Badiouk eta Simone de Beauvoirrek izan zutela harreman pertsonal eta filosofikoa. Pilar Mendibilek, grebaren ilunabarrean sareko plazan gogorarazi zigun Azurmendiren filosofemarekin batera konbinatu beharreko eslogana: «Zapaltzailea ez litzateke hain indartsua izango ez balitu gaizkideak zapalduen artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.