Blanca Urgell
LARREPETIT

Dagokiguna

2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Portugal izeneko estatu urrun-urrun batean, diotenez, oposizioak armak lurperatu ditu pandemiak dirauen bitartean. «Ez da patriotikoa gobernuari orain erasotzea», esan omen dute. Hurbilagoxe (baina ez gehiegi, ez pentsa) Bildu izeneko alderdi baten profila arras apaldu da etxealdia hasi denetik, juxtu aurreko hilabeteetan aspaldiko partez baino indar gehiagoz ari zenean Jaurlaritzari kontra egiten (eta arrazoi gehiagoz, bidenabar esanda), otsailaren 6an Zaldibarko zorigaiztoa gertatu zenetik.

Etxera heldu eta urak hartuta aurkituko bagenu, aita-amak zoroen moduan ura batzen, lanbasarekin nahikoa ez eta etxeko toallaguztiak lurretik botata, zer egingo genuke, ba? Berdin dio aurreko astean esan bagenie hoditeria zaharra lehenbailehen aldatu behar zutela. Helduko da kontuak eskatzeko unea, konturik balego.

Etxeko bake honetatik, gure kale hustu isiletatik, baderitzat lekuz kanpoko zarata datorrela Madrilgo zarama haizatzen duten hedabideetatik. Telebista asko edo gutxi ikusten duzun, eta horren arabera agian, baina etxean iltzatuta gauzkatenetik zeinek ez du egunean behin bederen albistegia ikusten, gobernuaren azken erabakiak entzuteko bederen? Supituki, ezinbestean sartu zaizkigu etxean hango kalapitak eta liskarrak. Casadoren alderdiak armak altxatu ditu: etsaiari, ezta urik ere.

Ezin esan gurekin ez doala. Asko entzun dugu eta, halere, oraindik ez dakigu ezer. Ez gaixotzeko zenbaterainoko perilik dagoen, ez eta hondamendi ekonomikoaren zartakoa norainokoa izango den ere. Lanbasari heldu eta ura xukatzen jartzea behar genuke. Alabaina, horiek bestetan dabiltza. Osasun sistema publikoari berriz erasotzen, honetarako langileen soldatak faltsutu behar badira ere. Pribatuari berriz ateak irekitzeko prestatzen, inoren sakelak ez daitezen flakatu. Beren erkidegoetako gorpuak ere nola estaliko. Bai, badagokigu. Eta nola gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.