Nora Arbelbide Lete.
LARREPETIT

Napoleonekin betirako

2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Eskailerak jaitsi, ate nagusia ireki, karrikara atera, eta horra hor, Marengo karrika. Marengo, Napoleon Bonapartek 1800. urtean irabazi bataila, Italia iparraldeko Alexandriaren ondoko Spinetta Marengo herriarenizenetik hartua. Zein atsegina, helbidea eskatua den aldi bakoitzean, dela agirietan edo gutun azaletarako, Napoleonek irabazi bataila hura idatzia izatea.

Segi aitzina? Marengotik zuzen segituz, karrika puntan horra Paul Bert lizeoa. Paul Bert, Frantziako instrukzio publikoaren ministro izana, ikastetxeetako liburuetan hauxe idatzarazi zuen, 1887an: «Beltzak ez dira txinatarrak bezain argiak, eta batez ere, zuriak bezain bat. Besteak baino argiagoak, langileagoak, eta kementsuagoakdirelako dute zuriek mundu osoa inbaditu, eta horregatik dira azpiko arrazak liluratzekotan edo suntsitzekotan».

Bestaldera joan nahi agian? Zubia zeharkatu eta, Jauregiberri kairantz? Ontzidia eta kolonien ministro izendatu zuten, 1879an, Jean Bernard Jauregiberri, Baionan sortua. Senegalgo gobernadore ohia, Frantziako kolonien zabaltzearen aldekoa. Eta azken adibide bat ematearren? Thiers karrika. Frantziako presidente izan zen Adolphe Thiers, 1871n, Parisko Komuna lehertzeko plantan jarri errepresioaren arduraduna.

Han-hemenka espazio publikoko estatuak lurrera botatzen ari direla, edo tintatzen, hemen ere, behin burua altxatzen hasi eta, eremu publikoko sinboloez bada zer galdezka. Biarritzera hats pixka bat hartzera joan nahi agian? Han, hiriko erakusketa nagusiko afixak daude denetan: «Eta Eugeniak Biarritz sortu zuen, hiri inperiala». Afixaren lehen planoan Eugenia de Montijo, Napoleon III.a enperadorearen emaztea, itsasoaren aitzinean. «Biarritzen sekulako Historia» kontatzen duela dio erakusketaren sustapenak, «balea arrantzatzen zuen portu txiki bat zena nazioartean ezagutu hiri balnearioa» bihurrarazi duela hiria inperioak. Zer den Historia? Zer den memoria? Batzuek ongi ulertua dute zer den jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.