Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gerra Hotza

2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Gerra Hotzean girotutako fikzio lanakbetidanik izan ditut gustuko. Gozatuegiten dut Reeden Hirugarren gizona thrillerra edo Kubricken Dr. Strangelove eta Wilderren Bat, bi, hiru komediak ikusten ditudanean; espioiak, trama ilunak, potentzien arteko lehiak, eta aipatutako komedietan zentzugabekeriaren satira. Badirudi orain gerra hotz berri baten atarian gaudela. AEBek protagonista izaten jarraitzen dute eta Txinak Sobietar Batasunaren lekukoa hartu omen du.

NBEren egoitzan bideozegindako agerpenean, Donald Trumpek bereak eta bi esan dizkio Txinako Gobernuari. Xi Jinpingek —berak ere baditu izen-deiturak— ezin izan dio kontra egin orrazkera bereziko gobernuburuari, Txinako presidenteak ere aldez aurretik grabatutako bideoaz hartu baitu parte goi-bileran. Asiarrak ez dio hitzez erantzun amerikarrari, baina ikusteko dago beste bide batez erantzunen ote dion. Trumpek jakinarazi digu «indarrean oinarritutako bakezaletasuna» dela berea. Francok eta bere militarrek ekarri zituzten berrogei urte baketsuak etorri zaizkit burura.

Militarrak izan ohi dira gerra hotz zein beroen aktore nagusiak. Azkenaldian —agian ez horrenberriki— metafora militarrek bereganatu dute hainbat arlotako hizkera; dena da borroka, dena guda hori gal edo irabaz. Asko mintzatu da politikariek erabiltzen duten hizkera militarraz pandemiaz ari direnean. Nafarroan hizkerarekin nahikorik ez, eta sanitarioak ere ordezkatu dituzte Defentsa Ministerioko langileek. COVIDa izurria dela eta, 30 uniformedun etorri dira aztarnari lana egitera, Nafarroako Gobernuak eskatuak. Aukeran, militarrak ekarri nahiago izan du gobernu foralak osasungintzan inbertitu baino. Arduradunek udan esan ziguten egoera kontrolpean zegoela eta agerraldi diferenteak aurreikusiak zituztela pandemiari aurre egiteko. Inork ez zigun abisatu soldaduak zirela soluzioa. Nigatik balitz, fikzioan geratuko lirateke militarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.