Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ahaideak

2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Gure amak beti kontatzen du bere aitak izan zuela lehengusu bat Argentinara joan zena eta bertatik idazten ziona bizitza zelan zihoakion kontatzen. Lehengusu bien arteko harremanak hil arte jarraitu zuen, baina hemengoa, aspaldi hil zen; eta hangoak, bizirik badago, ehundik gora urte izan behar ditu. Gure amak pentsatzen du gure abizena ez dela oso ohikoa, eta bertotik hara joandakoen kopurua ere txikia izango dela, hortaz, abizen bera duen oro lehengusu-lehengusinatzat du, batez ere Argentinakoa bada.

Forebears izeneko webgunea aurkitu dut. Ustez bertan abizena sartu eta munduan lehenengo lekuan abizen hori daramatenen kopurua esaten dizu. Amari zabaldu nion webgunea eta abizena sartu nuen. Erakutsi nahi nion abizen horrekin bertotik mundura joandako pertsona asko zegoela, eta froga ukaezin batekin ulertuko zuen ezin zirela guztiak izan Aititeren lehengusu. Abizena sartu eta besteetan ez bezala esanguraren gainean ez zuen deus askorik jartzen. «Ez da jakina esanahia». Errusian bi omen daude abizen honekin, Kanadan 183, Hegoafrikan eta Australian bana, 1.200 AEBetan eta 24 Zeelanda Berrian. Eta gero Argentina sakatu nuen. Milaka eta milaka ageri ziren eta milaka gehiago abizenaren aldaerarekin. Buenos Airesera joana zela esan zidan orduan amak. 3.897 pertsonak du gure abizena lehenengoa. Eta orduan amak begiratu ninduen begiak zabal-zabalik: «Zenbat seme-alaba izan zuen ba gure aitaren lehengusuak!». Barrez hasi nintzen. Ez da bereziki tematia gure ama, baina nik uste dut ez zuela galdu nahi. Horregatik sareko bilatzaile batean alerta bat jarri nuen abizenarekin. Amari erakusteko, beste behin ere, ezinezkoa zela gure Aititeren lehengusuarena. Astero lau bat mezu jasotzen ditut, eta amari erakusten dizkiot. Herri eta auzo bana, geltoki bat, eta mordo bat pertsona erakutsi dizkiot. Berak berean jarraitzen du: «Aitaren lehengusua garrantzitsua, gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.