Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Heriotza eta musika

2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Mariam C. Saidek idatzi zuen Glenn Gould hil zenean hasi zela musikaz serioski idazten Edward Said. Gould hil eta gutxira, 1983ko urtarrilean Mariam eta Edwarden seme Wadiek ezusteko istripu bat izan zuen. Wadiek infekzio larri bat zuela eta ospitalera joan beharko zela jakin zutenean, Mariam beldurrak izoztuta geratu zen. Edwardek albistea irentsi eta ordu erdira Mariami esan zion gau hartako kontzertura joan behar zirela. Mariam etxean geratu zen. Edward kontzertura joan zen. Handik urte batzuetara jabetu zen Mariam Edwardek musika erabiltzen zuela heriotzaren beldur zegoenero.

Wadie ospitalean zela Edwardek jakin zuen amari minbizia diagnostikatu ziotela. Edwardentzat musika bere ama zen, amak pasatu ziolako musikarekiko pasioa. 1986an The Nation-eko musika kritikari lanetan hasi zen. Egun batean New Yorketik Washington D.C.ra joan ziren kotxez amari bixitan. Bidaia luzeetan familiak solasaldiak izaten zituen, baina bidaia hartarako Saidek kasetez betetako oihalezko poltsa bat zekarren. Mariam eta Edward haserretu ziren, baina azkenean Wagnerren Der Ring izan zuten bost orduko bidaide. Atzealdean, haurrek beren musika entzuten zuten aurikularrekin. Mairam jabetu zen bere amaren gaixotasun eta heriotzari aurre egiteko modu bakarra zuela musika «apart eta eder» hura. 1990ean hil zen Hilda Said eta hurrengo urteko Musical elaborations berari eskaini zion Edwardek.

Ama hil eta urtebetera Edwardi leuzemia diagnostikatu zioten. 1998ko udan tratamendu esperimental gogor bat jarri zioten; egutegia hitzartzerakoan Bachen organoarentzako lan guztien ziklo bat kontuan hartu zuen Edwardek: kontzertu guztietara joan zen.

2003ko ekainean, hil baino hiru hilabete lehenago, Edwardek lehengusu presbiteriar bat deitu zuen jakin nahi zuelako Biblian non esaten den «Iritsi da momentua, eta orain da». Telefonoa eseki, Mariami begiratu eta Edwardek esan zuen kezkatuta zegoela ez zekielako zer musika joko zuten bere hiletan. Mariamek ez zuen ulertu Edward hiltzen ari zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.