Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gimenoren konfiantza

2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Carlos Gimeno Hezkuntza Departamentuko urteko ibilbidea laburbiltzen saiatu zen abendu bukaerako Confianza artikuluan; laburpen selektiboa da berea, akatsen arrastorik ez baitago sintesian, «gaizki eginak barkatu, ongi eginak kontuan hartu» esapide moldatua hurrengo mailara igoa: 1.864 hitzeko izkribuan ez du tarterik gorde gaizki eginak, erdi ezkutuka balitz ere, aitortzeko. Konfiantza zabaltzeko asmoa zuen arren, mesfidantza sortzen du publirreportajeak, orbanik gabeko lorpen-zerrendatze hutsari —botoen %99 alde izanik irabazitako hauteskundeari edo eguberrietako gehiegikerien ondorioak ezabatzeko metodo hutsezinari bezala— iruzur usaina hartzen zaiolako.

Huts egiteena ez da noizbait irakasle izandakoaren ahanzte bakarra, idazkia goitik behera aztertu ondoren, bila eta bila aritu izanda ere, ez dago Carlos Gimenoren testuan bere departamentuko langileen ahaleginaren gaineko aipamenik aurkitzerik. Santi Leonék Twitterren ohartarazi duen bezala, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak dominak eta dominak jarri dizkio bere buruari, balizko arrakasta bai irakasleen, bai irakaskuntzaz kanpoko langileen izerdiaren gainean eraiki duela aitortu gabe, eta horrela egitea itsusia da. Abiadura handiari berebiziko garrantzia emanik, «lehenengoak izan gara» behin eta berriz irakur daiteke artikuluan, hezkuntza auto-lasterka balitz bezala, baina ez du inon jaso nahitaezko formazio eta baliabiderik gabe ezinezko dela gutxieneko kalitatea eskaintzea, langileen lana eta estresa biderkatzeaz gain. Gimenok jende ilustratuaren aipuz osatu du bere buruari eskainitako panegirikoa, horien artean Senekaren «askotan ez gara gauzak egiten ausartzen zailak direlako, baina zailak dira hain zuzen ere egiten ausartzen ez garelako» esaldi ospetsua. Filosofo estoikoaren beste irakaspen bat aukera zezakeen kultura erakustaldirako: «Bere abiadurak berak nahasten du labirinto batean korrika egiten duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.