Samara Velte.
LARREPETIT

Istorioen Historia bat

2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Diotenez, 1980ko hamarkadako Nikaraguan, etxe berean errefuxiatuta egotea egokitu zitzaien euskal iheslari bati eta Uruguaiko tupamaro bati. Lehenari J. deituko diogu zutabe honetarako, eta bigarrenari, C. Kontatzen dutenez, J.-k eta C.-k hainbat hilabete pasatu zituzten Managuako apartamentu batean ezkutatuta, gobernu sandinistaren kontrako ekintzaile baten aurkako eraso bat prestatzen, hura Contrakoa zelakoan. (Erasmus armatu moduko bat, millennialok ulertzeko). Egitasmoak, ordea, huts egin zuen, eta egun batetik bestera ezkutalekuz aldatu zituzten, nor bere bizitoki berrira bidaliz. Klandestinitatearen arauak: arrastorik utzi gabe sakabanatu zituzten ostera Latinoamerikan, eta bakoitza hurrengora.

J.-k eta C.-k ez zuten elkarren berri gehiagorik izan; euren egiazko izenik ere ez zuten jakingo, agian. (Eta ez dagoenez gerrillari ohien Facebookik, ezin nonahiko lagunak hain erraz berriz topatu). Harik eta 30 urte geroago, 2010eko hamarkadan, C.-ri Euskal Herrira etortzea egokitu zitzaion arte. Ordurako, Uruguain agintean zegoen Frente Amplio, eta tupamaro ohiek karguak zeuzkaten bertan. Ofizialki eta ohorez gonbidatu zuten, beraz, Euskal Herrira, hitzaldi bat ematera bere alderdiaren izenean. Eta hara non agertu zitzaion publikotik gizon bat herabe, bera bezain heldua gutxienez, arrosa batekin eskuan.

Dozenaka istoriok osatzen dute Historia. Gehienak ez dira inoiz iritsiko pantailetara, ezta prentsako zutabe xume batera ere. Baina gertatu dira, eta kontatu behar dira, historiak azal gogorra erakutsi ohi duelako, baina mami biguna, humanoa, ere badaukalako. Zorionez, badira arkeologia lan horretan dabiltzan egile batzuk. Emaitzaren adibide bat da Caminho Longe pelikula, gaur iritsiko dena zinemetara. Ezer aurreratzeko asmorik gabe, zoazte ikustera. Eta ea noizbait J. eta C.-ren antzeko istorio gehiago konta ditzakegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.