Blanca Urgell
LARREPETIT

Kaputxatik txanora

2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Behin, Euskal Filologiako ikasle batzuk trenez gindoazen. Txantxetan-benetan, erdaraz txanoari nola esaten zaion eztabaidan hasi ginen. Batzuek chano esan, gasteiztarrok capucha, eta bizkaitarretako batek chotiño. Besteok ez genuen halakorik behin ere entzun: «Baina hori euskarazkoa da!». Ezetz eta baietz, aise igaro zen triki-traka hura.

Azkueren hiztegian kapelera, katxutxa, mitra, txapilo, txolet eta, azkenik ere, txotiño idoro ditut, eta Orotarikoa-n pilatxo bat gehiago. Sinonimiaren erakusgarri bainoago, esango nuke dialektalizazio itzelaren ondorio direla. Txotiño Galdakaon eta Orozkon baino ez zuen jaso Azkuek, eta Orotarikoa-k deus ez gehiago.

Guk, ikasleok, gerotxoago izan genuen «Ayengiz-tar Iñaki Aba Txotiñoduna» sinatu zuen aita kaputxinoaren berri. Armiarmako bertso eta olerkien hemerotekan sei poema bilduak ditu, baina ez zen bere musagatik ospetsu egin gure artean, baizik eta, Ibon Sarasola irakaslearen bitartez, Euskerearen batasunaz izan diran batzaldietan irakurritako txosten edo ikerpenak lan-bilduman (Euskera 1922) agertu zuen ekarpenagatik. Batasuna nola bilatuko, eta berak jatorrizko euskarara itzultzea proposatu zuen. Babel aurrekora, alegia.

Gizakia zer da? tximino erotua, / Jainkoen hautetsia alaahuntzaren gauerdiko eztula?

Hara. Baldin eta sein 'umea' bada, senar (sein-ar) 'semea' da, eta ez 'marido'. Berdin, seme (sein-eme) 'alaba' da, eta alaba (al-aba, hots, ahal-aba 'aita') erdaraz 'amo poderoso' litzateke; bere ustetan, antzina hiru agintari baino ez zeuden: aita etxekoa, ugazaba langileena eta alaba herri guztikoa. Emazte, berriz, emaazte bada (ema-hazten, 'mujer criando'), ema da 'andrea', eta abar, xakean bezala.

Beno, esango nuke beste txotiñodun batek aiseago sortu duela batasuna. Ez akademiatik, ez, ikastolatik baizik: «Txanogorritxu dut izena...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.