Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Txabusinak eta txapinak

2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Gurean txapinak eta etxeko txabusinak gauza pribatuak izan dira beti; ate barruetan erabiltzen zirenak. Beharbada auzokideren bat ager zitekeen gatz, arrautza edo bestelakoen bila, eta hor bai azal gintezkeen etxeko jantziak soinean, baina sekula santan ez zaborra ateratzeko, eta are gutxiago, okindegira ogi bila joateko. Horretarako, kaleko jantziak zeuden. Noizean behin norbait zaborra uztera jaisten zen kalera, eta begira gelditzen nintzaion leihotik. Ez du ikerketa antropologikotik ezertxo ere ez honek, baina, niretzat, herriminaren sintoma besterik ez zen, ez da. Asfaltoaren anonimotasunak batzuetan zuloak sortzen ditu gurean, bertan nor izatea ez delako erraza, ez herri batean bezain erraza. Identitate galeraren seinalea dela uste dut, hots, txapinak eta txabusinak kalearen gorrian ikusteak beti lotu izan ditudala botatzen diren txilio isilak lez; nor izateko beharrizan eutsiezin baten moduan. Akorduan daukat behin lagun batek esan zidala kalera ateratzen dituzten kotoizko bata horiek zatar baino zatarragoak begitantzen zitzaizkiola. «Niri tristura eragiten didate», erantzun nion. Ikasten duguna geratzen zaigu iltzatuta, eta nik ere badut batere erotikoa ez den txabusina bat etxean, erosoa eta beroa, etxean sentiarazten nauena, baina eskailburutik at inork ikusiko ez didana.

Samurra egiten zait norbait txapinekin zaborra ateratzen ikustea, sakonean badakidalako mina agertzeko modu bat besterik ez dela. Hiria herri bihurtzeko beharrizana. Hiria ez baita beti hautua. Hortik minarena. Eta nik minarekin beti errespetu handia daukat, batez ere bihotzeko minarekin, edozein delarik bere zioa. Azken boladatan gutxiago ikusten ditut kalean txabusinak eta txapinak. Hiritartu gara erabat, agidanez, eta agian daborduko inork ez du nor izan nahi. Edo baliteke honezkero ditugun minak detektatzeko gai ez izana. Ez dakit zer den eta ez dakit sintoma ona ote den ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.