Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Mamuekin bizitzeaz

2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Delphine Horvilleur errabinoari elkarrizketa egin zion asteazkenean Léa Salamék. Antza, hebreeraz hilerri-ri «bizien etxea» ala «bizitzaren etxea» esaten zaio. Toki horretan ekartzen dituztelako memoria, gogoeta eta solasaldiaren bidez, hildakoak. «Joan direnek utzitako arrastoez» jarduten dute kanposantuan, hortik ei dator «bizidunekiko insistentzia hori».

Horvilleurren aburuz, errabinoak ez du negarrik egin behar ehortz-egunean: eraisten ari den mundu kaotikoan egonkortasuna eta transzendentzia haragitu behar ditu. Eta, ordea, behin, minbiziz hiltzear zen 38 urteko lagun batek Horvilleurri eskatu zion bere ehorzketako errabinoa izatea. Horvilleurrek ez zuen onartu behar, baina laguntasuna gailendu zen eta baietz esan zion. Laguna hil eta ekitaldian amildu zen errabinoa, malkotan, ez zen ofizioa behar bezala egiteko gai izan. Ez zuen ongi bete lan hura, zeren «laguntzailearen» papera baita zeremoniara joandako «gu» hori gainditzea, beraren bidez hitz egin behar du tradizioak, bere ahots pertsonala baino handiagoa izan behar da. Horregatik, ezin zen aldi berean izan hunkituko den laguna eta eutsi eta gorantz begiratuko duen errabinoa. Betetzen ezinezkoa zen «misioa» egokitu zitzaion.

Nora doaz hildakoak? Horvilleurrek dio hori dela funtsezko galdera, judaismoak erantzuten ez duena: bizitzaren ostea galdera bat bilakatzen duela, gogoeta bat, eremu ez-dogmatiko bat. Afera ez dela erantzutea. Eta gauza bera pandemia garaiotan egin ezin dugunarekin ala galdu ditugun maiteekin: nola biziko gara egin ezin izan dugunarekin, nola biziko hondakinekin, nola hitz egin mamuez. Nork lukeen salbokonduktua Bidasoa zeharkatu eta poltsikoan Hovilleurren azken liburuarekin itzultzekoa. Zeren lurrotan nagusitu den katolizismoak hainbeste sustraitu du bizitzarekiko herra, ateo egindako katoliko ohiek ere herra bera praktikatu dutela erlijiorik gabe, bizitzarekiko. Bestelakoa litzateke kontua gurean katolizismoak izan duen ildo animista, kalbinista edo, zentzu batean, judua, gailenduko balitzaio gure ateotasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.