Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Emakumeak gorroto dituzten gizonak

2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Stieg Larsson idazle suediarrak trilogia ezaguna idatzi zuen; Millennium izena eman zion, baina askok gogoratzen du lehen liburuak zeraman izenarekin. Espainieraz Los hombres que no amaban a las mujeres moduan ezaguna izan zen, eta frantsesez Les hommes qui n'aimaient pas les femmes. Alegia, bietan 'Emakumeak maite ez zituzten gizonak' izenburua hautatu zutela. Beti egin zait harrigarria izenburu horiek aukeratu izana, jatorrizko bertsioa latzagoa zelako: 'Emakumeak gorroto zituzten gizonak', hots, Män som hatar kvinnor. Gorrotoa lar begitandu zitzaien, nonbait, argitaletxe espainiar eta frantsesei. Euskaraz ez dago liburua itzulia, beste aukera galdu bat, baina euskarazko Wikipedian jatorritik zuzenean euskaratu dute: Emakumeak gorrotatzen zituzten gizonak. Gorrotoa sentimendu indartsua da, urdailetik zuzenean irteten dena, arrazoitik at dagoena, eta, egun, ez da politikoki zuzena emakumeak gorroto ditugula esatea. Barkatu, zuzendu behar dut: emakumeok gorrotatzen gaituztela esatea. Baina horrela da. Badira gizonak, eta ez gutxi, emakumeak gorroto dituztenak. Ez dute esaten, zelan esango dute! Oraindik kosmetikari eutsi behar zaio.

Gorrotoak intentsitate ezberdinak ditu, maitasunak legez, eta askorentzat arerio gara. Erro sakonak ditu matxismoak, bere graduazio guztiekin. Esaterako, taberna zein txokoetan gizon talde batzuetan emakumeez esaten dituztenetan, esateko moduetan, gorrotoa dago; edota gizon askoren artean emakume bakarra agertzen den argazki horietan, gorrotoa dago. Are gehiago, emakumerik ez dagoen argazki horietan. Gorrotoa dago. Pikara aldizkarian Susana Gisbert elkarrizketatu zuten. Valentziako fiskala da bera, genero indarkerian aditua. Bere hitzak argigarriak dira: «Emakumeen aurkako gorrotoa esponentziala da, oso korapilatsua, eta babes handia dauka». Gaur martxoaren bederatzigarrena da, eta kalean jarraitzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.