Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Ez da ezinbestekoa

2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Senatariak jakinarazi digu ez duela karguaren beharrik bere bizimodua aurrera ateratzeko, diru andana duelako. Gainera, zalantzarik izanez gero, edozeinek du eskuragarri bere ondasun aitorpena, publikoa baita; horregatik badakigu Ruth Goñi nafarrak bi milioi euro dituela sartuak inbertsio funts batean. Gehi 200.000 euroko diru sarrera, mailegu baten interesei esker. Gehi pisua eta bi garaje-plaza. Bere ondasunaren zati ñimiñoa da Espainiako Senatuan betetzen duen lanaren trukean —edozein dela ere— jasotzen duen soldata. Arrazoi du: esne mamitan bizitzen jarrai dezake Senatuko eserlekuari uko eginda ere.

Baina ez dio uko eginen. Izan ere, senatariaren egoera ekonomikoaren berri izan dugu azaldu duenean Ciudadanos alderdia utzitakoan karguari eutsiko diola. Bere hitzetan nostalgia kutsua nabari liteke, senatu, parlamentu eta kontseilu oro lur-jabez eta aberaskumez osatuak zireneko garaiak gogoan izana. Politikariak aberatsak ziren organo horietan sartu aurretik, jakina, eta erakundeak maneiatzeak beren pribilegioak gordeko zituztela bermatzen zien. Bitartean, harroturik ohartarazten zuten ez zutela erakundeetatik deus ere lapurtu beharrik, hain zuzen ere aberatsak zirelako. Gurpil eroa. Pentsatzen hasita, etxegabetze sistema desagerrarazteko ezintasunak, Rajoyren Lan Erreforma errotik ezabatzeko oztopoak eta Mozal legea oraindik indargabetu ez izanak garai horiek ez daudela horren urrun ekar liezagukete burura.

Ruth Goñik harro jakinarazi digu ez duela Senatuaren premiarik batere, bere egoera ekonomikoa oparoa baita. Rivera eta enparauen jarraitzaile ohiak ez du ezinbesteko Madrilgo betekizunen ordainetan —direnak direla— hilero pagatzen diogun soldata. Ados, datuek Goñik esandakoa berretsi digute, baina seguruenik funtsezko kontua oso bestelakoa da: ba ote dugu herritarrok Goñiren premiarik Senatuan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.