Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Lorratzak eta dardarak

2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Wight-eko uhartean aurkitu dute berriki duela 34 milioi urte bizi izan zen liztor baten fosila. Urdail sakonetik gorroto ditut liztorrak. Guk baino denbora gehiago daramate berton, baina, eta bizirik diraute. Egokitzapen kontua da iraupena. Horixe du gizakumeak obsesiorik handiena. Lorratzak uztea, dardara bat bada ere. Baina zenbat dirau dardara batek? Byblos hiri zaharrean duela 5.000 urte bizi izan zen norbaiten hil ala biziko arazoa noiz desagertu zen betiko? Zein harrik islatu zuen min hura? Kobazuloetan emakumeek marraztutako zaldi eta bisonteek zer esan nahi zuten? Japoniar emakumeak Berri Txarrak-en kontzertuaren aurrean erakutsitako zirrara hori kontatuko dio norbaiti, eta norbait horrek baliteke inoiz gogoratzea, baina zenbat belaunalditan desagertuko da? Oroimenaez da gogoratzen duguna, bai, ostera, gogoratzen diguna, Octavio Paz-ek ondo zekien.

David Farrier-ek Footprints/ Huellas/Empreintes (Lorratzak) idatzi du. Denbora sakonaz aritzen da, eta denbora sakonean gauza gutxik irauten du. Harriak, beharbada; sentimendurik ez. Itsas goran desagertzen diren oin arrastoak gara. Harri zaharrak gustatzen zaizkit, ukitu egiten ditut eta saiatzen naiz harri horien aurrean egondako beste norbaiten zerbait sentitzen. Beldur zantzu bat, hunkidura apur bat. Gu gara milaka urtetan bizi izan diren gizon-emakumeak, ezagutzen ez baditugu ere. Ez naiz birramamaz ari, edo birraitaitaren birramamaz, haragokoaz ari naiz. Beraienak dira azaldu ezin ditugun beldur zenbait, agian zauskadak ere bai. Milaka urte barru geratuko ote da gure lorratzik? Norbaitek esku artean izango al ditu nire mesanotxean dauden harri zaharrak eta tarte iheskor batez izango ote ditu pentsamenduan harrietatik pasatutako beste eskuak? Harriak eta hizkuntzak. Baliteke horiek beste ezer ez gelditzea. Agian hitz bakar bat izango da gure existentziaren froga. Haitz, akaso. Beste ezer ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.