Blanca Urgell
LARREPETIT

Gora, gora, jendeak!

2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Urriaren 18an izan zen, gauez, 1587an. Migel Bengoetxea urdiaindarra amarruz ohetik jaiki eta kalera irtenarazi duten jende batzuek ederto jipoitu dute. Tiro bat ere entzun da. Auzian Katalina Zubiri emazteak leihotik oihukatu zituen hitzak jaso ziren: «Ai! Gora, gora, jendeak! Hil dute ene senarra!».

Ekaitz Santaziliak (2020) dakarren pasartearen tentsio dramatikoagatik ere, nik gora-n pentsatu. Zergatik goian eta goitik, baina gora? OEH-ko datuak ondo interpretatu baditut, goi hitzak badu Schrödinger-en katutik zerbait: orokorra bada eta ez da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bakarrik erabili da 1545etik aurrera —Iparraldeko gutxi batzuen erabilera (ziurrenik ikasia) gorabehera—. Alderantziz, goien superlatiboa —goihen hobeto— badirudi Iparraldean dagoela bizienik; hego-mendebalderago askoz urriago, eta maiz goen eta guen aldaeretan baino ez, bai leku-izen edo deituretan (Etxaguen, Goenaga, Zelaigoena...), baita bestelako erabilera gutxi-asko fosilduetan ere, nahiz Ibarguen kronikagileak —nork eta berak— XVI. mendearen bukaeran Ibargoien ere ezagutu ezagutzen zuen. Goixenian jaso zuen Izagirrek Arantzazu-Oñatin (1970), soro barrena ta goena Garatek (1988) inguru bertsuan, eta Azpeitia aldean goienera igo duenean ere bai. Ezniaren guena dakar Mogelek.

Eta, bada, goen (guen) goihen-ekin doa, ala gora-rekin? Ez dakit, baina, bestalde, EHHE-k (s.v. gain) iradokitzen duenez, baliteke goi eta gain nola edo hala familia berekoak izatea. Aiseago uler liteke igo eta igan esanahi bereko aditzak erkatuz gero: *gon-i > goi eta *-gan-i > gain agian?

Zutabe honek azalpena kabituko balu ere, ez genuke ez gaur eta ez hemen auzi hori konponduko. Nago, halere, beste auzi batzuk gure eskuetan leudekeela... nahi bagenu. Adibidez, zergatik ez geuretu Katalina Zubiriren hitzak, eta ozen esan: «Gora, gora, jendeak! Ez gaituzte txertatu!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.