Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Eboluzioa

2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Zurich hirian dagoen unibertsitateko antropologia museoko zuzendaria da Carel Van Schaik antropologoa eta ikerlaria. Elkarrizketa bateanberak esana da patriarkatua gizakiaren historian anomalia dela, alegia, emakumea gizonaren menpe egon den fasea Homo Sapiens-aren eboluzio osoaren %2 baino ez dela. Harrituta geratu nintzen. Uste dut Rafaela Von Bredow ere, Vocento taldearen aldizkarirako elkarrizketa egin ziona, txundituta geratu zela. Van Schaik antropologoak, elkarrizketa honetan, zenbait gauzarekin apurtu nahi izan zuen: esaterako, historiaurretik heldu zaizkigun emakumezkoen irudiak ez direla errealak aipatu zuen, emakumezkoak ez direla elementu pasiboak izan; eta gogora ekarri zuen gizonezkoek idatzitakoa dela historia. Historia, argi-ilunez beteriko lurralde hori, emakumeontzat ganduegi egon dena.

Gurasoenean nengoen astegun buruzuri batean, bertan bazkaltzera joana bainintzen. Ateko txirrinak jo zuenean, saltzaileren bat izango zelakoan, ni joan nintzan atera. Hogeita hamar bat urte izango zituen mutila zen, telefonia konpainia batekoa, saltzen. Etxekotzat hartu ninduen atoan eta ea zein konpainiatan nengoen galdetu zidan. Nik hori konfidentziala zela erantzun nion. «Noski, ez didazu esan behar, eta zenbat ordaintzen duzun esan diezadakezu?». Ideiarik ez nuela erantzun nion. Orduan bota zidan esaldia hogeita hamar urte ozta-ozta zituen gazteak. «Jakina, hori zure senarrak darama, ez? Eta irten daiteke berarekin berba egin dezadan?».Segundo batez zalantza agertu nuen. Zer erantzungo ziokeen Van Schaik-ek? Bazkaria hozten ari zen, eta gauza batzuetan ez da energiarik xahutu behar. Hala ere, liseriketa mantsoa dute zenbait kontuk. Egun batzuk pasatu dira jazoeratik eta oraindik ere bueltaka daukat. Erantzun behar niola pentsatu dut egun batzuetan, eta zertarako erantzun, besteetan. Eboluzioa oso astiro doan kontua dela jakina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.