Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Maitasunaren uda?

2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Etxeko sukaldeko gosaria jasotzen ari ginela iritsi ziren irratira IFOPeko François Kraus eta Parisko Pitié-Salpêtrièreko ginekologo Laura Berlingo. IFOPek mila laguni egin berri dien inkestatutakoen herena «irekiagoa izango da sexualki» uda honetan. Segituan egin zuen Krausek ñabardura, heren hori, funtsean, «gizonek, gazteek eta LGBTek osatzen dute». Krausek berak esan zuen, talde horrek «sexualitatea marko errekreatibo batean bizi dutenek» osatzen dutela «eta ez bikote harremanean daudenek, harreman egonkorra eta epe luzekoa dutenek».

Ez dut irakurri inkesta, haren inguruko elkarrizketa soilik entzun nuen, baina deigarria egiten zait zer azkar sentenziatzen den bikote bat izatea, are epe luzerakoa, sexuaren eta «errekreazioaren» amaierarekin. Pentsatzen jarrita gertuko antzeko adibide asko bururatzen zaizkit: harreman izugarri luze eta izugarri sexualak bezala sexurik gabekoak, eta harremanik gabeko sexu absentzia eta presentzia erabatekoa. Eta tarteko guztiak.

Inkestaren irakurketan Krausek ere aipatu zuen bikotekiderik ez dutenek «ahalik eta azkarren» iritsi nahiko dutela sexuaren fasera, ez dutela «galdu» nahi denborarik eta «malguagoak izango direla hautaketa fasean». Hor ere, bitxia iruditu zitzaidan bikoterik gabeko sexuari emandako kategorizazioa, bikotea izanda «sexua besterik gabe» izan ezingo balitz bezala, eta kontrakoa, zenbat «aldi gutxitako» sexuketak ez ote duten onerako eta txarrerako bizitza bat baldintzatu.

Bestelako inkestetakoa berrestu da bikotekiderik gabekoen artean, sexu askatasunaren diskurtso bat dago, baina, erantzun duten bikotegabekoen %86ek bikotekidea nahi luke.

Hamaika gauza interesgarri gehiago esan zituzten, ikerketaz, Berlingok bere ginekologia kontsultan ikusitakoaz (sexu bidezko gaixotasunen igoeraz, Italian adibidez, jaitsieraz AEBetan) Amélie Perrieren gidoi eta galdera finekin. Igandea hizketagaiz josita hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.