Blanca Urgell
LARREPETIT

Burua zulatzen didatenak

2022ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Zappingari eta IkerJimenezi eskerrak, dena esan behar bada, zeozer ikasi dut aitzineuskaldunek egiten ez zuten praktika jakingarri batez. Edo, egiten bazuten, trebeki estali zutena. (Oharra: begiratu behar dut ba ote dugun baskoien-eta hilotzen lorratzik).

Pirinioen lerroaren bestaldeko iberiarrek, ordea, ageri-agerian ipini zuten. Buru iltzatuez ari naiz. Gironan ditugu, besteak beste, Ullastret-eko iberiar hiri garrantzitsuan (K.a. IV-II. mendeak). Gertu daukan itsas hegian greziarrek eraiki zuten Emporiae (gaur Empúries) hiriarekiko hartu-emanen bidez handitu eta aberastu omen ziren hango biztanleak. Toki gehiagotan topatu dira halakoak, baina ipar-ekialdeko iberiarren artean bakarrik, hau da, gaur Bartzelonakoak liratekeen laietaniarren eta Gironako indigeteen artean. Antza denez, galiarrengandik ikasi zuten zerbait da, Frantzian ere ugari aurkitu baitira, Rodanoren ahoak (Bouches-du-Rhône) izeneko departamentuan batik bat. Liongo golkoaren arkuan zehar, kostarik kosta, edo Pirinioak orduko La Jonqueraren baliokidetik igarorik etorri bide zen ohitura hura, eta berarekin bateratsu La Tène erako burdinazko ezpatak ere, ziurrenik.

Galiarrek gudua irabazi bezain laster etsaien buruak moztu, zaldiaren lepoaren inguruan eskegi eta etxera eramaten omen zituzten, han atarian denen bistan uzteko. Buruak norberaren izatasuna eta muina biltzen omen du mundu osoko hamaika kulturatan. Buru maiteek babesten dituzte gurtzen dituzten senitartekoak. Etsaien buruetatik indarra batzen du gerrariak.

Babesa, indarra, maitasuna. Anbizioa, hantustea, nahikeria. Ez gara batere aldatu, formetan izan ezik, gaitzerdi. Nahi nuke, Ukraniagatik ere, ez bagina berriro ere Europa suntsiturik ikustera heldu. Munduko lau bazterretan piztuta dauden—piztuta ditugun— gerrak eta haien ondorenak, errefuxiatu eta iheslariak barne, hobeto beste egun baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.