Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Denbora

2022ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Pello Zabalaren heriotza jakin zen egunean topo egin nuen The Conversation agerkari digitalean artikulu batekin: Desagertuko da denbora?. Espainieraz idatzita zegoen eta jabetu nintzen (jakinak izan baina ordura arte jaramonik egin ez diezun gauzekin gertatzen den legez) hitz bera erabiltzen dela gertaeren segida, eta, naturarekin lotutako gauzentzat; alegia, tiempo. Euskaraz (denbora eta eguraldia) eta ingelesez (time eta weather) bereizten dira, baina espainieraz eta frantsesez, ez. Hala ere, irri egin nuen. A ze kasualitatea, denbora eta segundoa gurutzatzen diren lekua.

Denbora, baina, ez omen da, zelan esan, kontzeptu unibertsala. Ez dela existitzen diote askok. Marc Lachieze-Rey astrofisikari frantziarrak, Einsteinen gogoan, iragana-oraina-etorkizuna oso norberaren nozioa dela azaldu zuen. Big Bang-ekin hasi omen zen denbora. Aldizkariaren artikuluari esker ikasi ditut kontzeptu berriak: Big Rip, Big Crunch eta Big Bounce. Ulertu dudanagatik (zientzialariek hobeto azalduko dute, beraz, zilegi bekit azalpen murriztua) unibertsoaren suntsipen bortitza, suntsipen Benjamin Button fenomenoaren modura, eta, unibertsoaren egokitzea lirateke kontzeptuok. Edozelan ere, hauek hipotesiak dira, zientzia-fikziozko gidoilarientzat bazka. Gaurko egunez jaio zen Jules Vernek ederto ondo ulertu zuen hura. Niretzat denbora gure aitak folio batean orduak eta minutuak azaldu zizkidanean hasi zen. Literatura irakasle punk hark erakutsi zizkigun txiribueltak: denbora geldi zitekeela, mantsotu eta bizkortu. Eta eskumuturretik erlojua kendu nuenean egin nuen nire denbora.

Gau hotzean, terrazako isiltasunean mantapean, izarrak ikusten dira. Ez da ohikoa Bilbo hirian. Izar multzoak bereizten ahalegintzen naiz eta ahopera poema bat datorkit... kUnkAn/ kUnttAkUn/ kUn/ ttAkUnttAkUn/ ttAkUn/ ttAkUnkUn...eta berba batetik besterako isiltasunean denbora egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.