Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Kontsentsuaren kultura

2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ari nintzen Raul Sanchez Cedilloren hitzartzeak entzuten Pablo Iglesias-en podcast berrian (La Base, Público). Halako batean Iglesiasek (54. minututik aurrera) esaten du kanpora begira arrakastatsu gisa saldu dela PPren lan erreforma orain PSOEk eta UPk babestea baina ez dela inolako panazearik. Urrutirago joaten da gero, eta esaten du Espainiako (eta horrek sarri balio du Hego EHn) ezkerra babesten dutenak diziplinatzeko tresna nagusia beldurra izan dela, eta onartu dituela kapitalaren baldintza guztiak, bestela zerbait okerragoa etorriko zelako aitzakiarekin.

Sara Serranok adierazten du ezker parlamentarioa triunfalista denean, funtsean dela, oso helburu baxuekin pozten delako. Sanchez Cedillok gehitzen du triunfalismo horrek «kakao mental» bat sortzen duela. Halako batean kritikoak erresuminduak bilakatzen dira, berria-aurrekoa-baina-hobe diotenek etsipena sortzen dute. Lehenago ere Serranok nabarmentzen du «kontsentsuaren kulturaren markoa» dela gaur egun saritzen den eztabaida publikorako eremua. Eta politika, politika askatzailea behintzat, ez dela «interesen kontziliazioaren» eremua, baizik eta kontrakoa: desberdintasunak identifikatu eta gatazkak sortzearena, indartsuenen interesak ahulenek eztabaidatu eta horiei eraso egiten dietenean, eta, jakina denez, politika ez dela parlamentuetan gertatzen dena, ezin delako ulertu hangoa ekonomian agintzen dituztenak ezagutu eta bien arteko zubiak identifikatu gabe. Ez «elkarrizketa», ez «akordioa», ez «enpatia». Serranok zuzenean aitortzen du bide hori «gezurra» dela. Sanchez Cedillok nabarmentzen du «akordioa» esaten denean beti ospatzen dela zapalduen «atzeraldia», Espainiako Trantsizioko kulturatik datorren ziklo honetako mantra neoliberaletako bat.

Hori izan da lan erreforma Madrilen, hezkuntza legea Gasteizen, euskararen legea Iruñean: ahulenei indartzeko hipotesia ixtea, porrotak ospatzea, iparrik gabe uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.