Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Plastikoari gerra

2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Plastikozko loreekin Jose Hierrok seme-alabentzat idatzitako poema hura gogoratzen dut: ...gorrotatzen erakutsi nizuen ankerkeria, zikoizkeria / faltsu eta zatarra dena, plastikozko loreak... Plastikoak aspaldi gainditu zituen mugarriak, izan ere, Antartikora edota baleen urdaietara ere heldu dira. Greenpeace erakundeak esku artean dituen datuen arabera, minutuko miloi bat plastiko botila saltzen da munduan, eta botila bakoitzak 450 urte behar ditu suntsitzeko. Aurten, 11 milioi tona metriko plastikok amaituko du itsaso eta ozeanoetan. Horrela jarraituz gero, 2030erako kopurua bikoiztuko litzateke, eta 2040rako, hirukoiztu. Dagoeneko, beraz, plastikoarena planeta osoan dagoen arazo gorria da.

2017an Kenyak plastikozko poltsak galazotu zituen, eta, kenyarrek legea beteko zutela ziurtatzeko, espetxe zigorrak eta milaka euroko isunak adostu zituzten. Kurioski, mugalariek lagunduta beste herrietatik sartzen zituzten plastiko-poltsak. Artean, 180 enpresa inguru zegoen plastikoaren industriatik bizi zena; lanpostuak galdu ziren, bai, baina antza horri buelta emateko osterantzeko industria sortu zen, eta hor hazi ziren bestelako lanak. Nazio Batuen Erakundeak sustaturik, atzo Kenyako Nairobi hiriburuan goi batzarra hasi zen. Ehun bat herri ordezkari hartzen ari da parte, eta erabilpen bakarreko plastikoekin amaitzeko neurriak adostu nahi dituzte. Hiru proposamen daude, eta Ruandak eta Peruk beste 50 estaturen babesarekin aurkeztutakoa omen da aurrerakoiena. Hori onartuz gero, plastikoaren sortzea eta hondakinen kudeaketa orokorrerako araua adostuko litzateke. Bitxikeria lez, Plastikoen Ekonomia Berriarekiko Konpromiso Orokorrari atxikimendua agertu diote Eusko Jaurlaritzak eta baita Norvegia, Italia, Kanada eta Greziako gobernuek ere. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak argi utzi du joera aldatu behar dugula. Ez dakit atzo hasitakoak zer emango duen, baina, otoi, ez ezazu plastikozko lorerik oparitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.